Portuko jaietan urtero sekulako arrakasta izan ohi duen ekintza bat bada: Asto karrera. Jendetza biltzen da Portun ikuskizunaz gozatzeko asmoz eta nola izaten den hernaniar gehienek ezagutuko dute. Kanpotik bai, baina barrutik? Nola ote da asto gainean ibiltze hori? Gertutik ezagutzeko aukera izan du Kronikak, Andoni Olazagirrek sekretu guztiak kontatu baitizkio.
Beteranoetako bat
Olazagirre beteranoetako bat da dagoeneko. Julen Lekuona da urte gehienak daramazkiena lasterketan parte hartzen, baina Olazagirre ere ez da atzean geratzen. 15 urterekin hartu zuen lehenengo aldiz parte, 2005ean, eta ordutik, urte batean bakarrik failatu du. Nola animatu zen galdetuta, halaxe erantzun du: «Auzokoa naiz eta txikitatik ikusi izan dut lasterketa. 15 urte bete nituenean, parte hartu nahi nuen galdetu zidaten. Baietz esan nuen, dudarik gabe. Hori bai, behin asto gainean jarrita, kolperen bat hartuko nuela pentsatu nuen!».
Izan ere, aurretik ez da probarako aukerarik izaten. Karrera momentuan zuzenean igo, eta lixto. «Ni sekula ibili gabea nintzen. Ez astoan, ez zaldian, ez inon. Egia esan, badu bere arriskua, kontuarekin ibili beharrekoa da, eta igo aurretik azalpenak ematen dizkizute non esertzea komeni den eta astoari nola heldu behar zaion esanaz. Pertsona bat ere beti aldamenean joaten da laguntzeko, eta beharrezkoa da».
Izterrekin indar asko egitea ere, garrantzitsua
Oreka ondoen mantentzeko, astoaren aurreko hanken gainean esertzea dela gakoa dio Olazagirrek: «Aurreko partean jarrita, errebote gutxiago izaten da. Atzean arrisku gehiago dago erortzeko. Horrez gain, izterrekin indar asko egin behar da, astoari ondo heltzeko; izan ere, hankak jartzeko ez daukazu ezer. Eta muturretik jartzen zaizkien sokei ere ondo heldu behar zaie».
Berarekin batera bere lagunak ere animatu ziren bere garaian, baina batzuk utzi egin zuten, kolperen bat hartu ostean. «Beldurra hartzen diote askok. Egia esan, altura dexentekoan zoaz, metro erditik erortzea ez da broma». Olazagirrek berak ere hartu izan ditu kolpe pare bat. Bat aldakan.
Aldapa behera, abaila
Karreraren ibilbidea, Portuko plazan hasi eta bukatzen da. Bertatik, Shangay tabernara joaten dira eta han buelta emanda, plazarako bidea hartzen dute. Kontuan hartzeko puntuak zeintzuk diren azaldu ditu Olazagirrek: «Shangay aldera zoazenean, horko aldapan, gomazko badenarekin astoak izutu egiten dira eta frenatu egiten dute. Hor kontuz ibili behar da. Eskapada ederrak egin izan ditut. Aldapa behera gainera, abaila hartzen dute. Eta plazako sarrera ere kontuan hartzekoa da, aldapa pixka bat baitago». Hiru lasterketa egiten dituzte, eta azkenerako, astoak nekatu eta askoz lasaiago joaten omen dira.
Asto grisarekin, garaipena
Astoak Itziarretik ekartzen dituzte eta batzuk berdinak izaten direla dio Olazagirrek: «Gris bat behintzat bada oso azkarra dena. Hori urtero egoten da. Lehen Axierrek hartzen zuen, baina azken urteetan nik hartu izan dut. Oso bizia denez, beteranoentzat izaten da. Iaz karrera bat irabazi nuen harekin. Aurten ere saiatuko naiz bera hartzen».
6-7 bat lagun ateratzen dira lasterketan urtero eta erreleboa badagoela azaldu du: «Lehengo urtean, gazteak animatu ziren; eta tartean, neska bat ere bai. Normalean auzokoak izaten gara edo auzoarekin lotura dutenak».
Mozorroa, ezinbestekoa
Portuko asto karreran parte hartzen dutenak mozorrotuta joaten dira eta horren arrazoia zein den ez dakiela azaldu du Olazagirrek, baina gustatu egiten zaiola: «Karnabalak ez zaizkit bat ere gustatzen eta ez naiz mozorrotzen. Baina asto karreran bai. Portun bakarrik mozorrotzen naiz eta urte zaharreko karreran».
Mozorroa norberak erabakitzen du eta beti azken momenturako uzten du Olazagirrek: «Aurtengorako ere oraindik ez dut erabaki (elkarrizketa aurreko astekoa da). Lehengo urtean ere halaxe ibili nintzen azkeneko momentuan eta behiz jantzi nintzen. Orain dela bi urte, berriz, lagun bati eskatu nion mozorroa. Printzesaz mozorrotu nintzen». Oraingoan zer izango ote da!
Kontuz astoekin
Astoen atzean ez jartzeko eta kontuz ibiltzeko ere esan nahi die Olazagirrek, batez ere umeei.