Urumea bailarara zabaldu du deialdia Burbunak eta etsayak egitasmoak. Helburua da, biltzea garai batean entzuten ziren hitzak eta gaur egun, dagoeneko, ia galduta daudenak. Aiton-amonei edota izeba-osabei entzundakoak, bizilagunak erabiltzen zituenak...
Goizueta, Arano, Ereñotzu, Hernani eta Astigarraga inguruan erabiltzen ziren hitzak bildu nahi dituzte, Donostiaraino ere iritsita.
Facebook bidez
Ia galdutako hitz horietako bat da, adibidez, ‘gobara’. Maialen Lujanbiok Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa irabazi zuenean botatako bertsoan entzun zuten askok lehenengo aldiz hitz hau, baina aski ezaguna zen orain gutxi arte, inguru hauetan.
Ahozko ondarea eta natura biltzen dituen egitasmoa da Burbunak eta etsayak.
Bestelako hitzak ere bildu dituzte dagoeneko; ‘ziplatu, ‘zingiriya’, ‘urataka’... Baina gehiago bildu nahi dituzte oraindik.
Hitzen bat gogoratzen duenak Facebookeko Burbunak eta Etsayak orrialdean sartu besterik ez du, eta han, deialdi honi lotutako albisteari iruzkina egin. Aurretik aipatutako hitz horien esanahaiak ere, bertan ikusi daitezke.
Ezagutzera eman nahi diren hitzak zein diren azaltzeko, Facebooken sartu.
Ahozko ondarea eta natura, bat eginik
Urumea bailarako natura eta ahozko ondarea biltzen dituen egitasmoa da Burbunak eta etsayak. Dobera Euskara Elkarteak, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Truk HDk elkarlanean bultzatzen duten proiektua, hain zuzen, Ereñotzuko Auzo Udalak eta Hernaniko Udalak babestua.
Proiektu honen bueltan, bideo-dokumental bat grabatzen eta liburu bat prestatzen ari dira. Eta hain zuzen, horrekin lotuta, desagertzear dauden hitzak biltzen hasi dira.