Portuko lorontzi lehiaketa ez da nolanahikoa. Hamar bat lagun izaten dira urtero parte hartzen eta auzotarrek serio hartzen dute landareak zaintzeko lan hori, urte osoan. Alazne Benitezek txikitatik hartu izan du parte eta nerabezaroan utzi egin bazuen ere, urte batzutara berriz hasi zen: «Mutilarekin hemen jarri nintzenean bizitzen, berriz hasi nintzen parte hartzen. Eta gainera, berriz parte hartu nuen urte hartan, irabazi egin nuen. Bertako andreak gogoratu egiten ziren txikitan ibiltzen nintzela».
Aurten ere parte hartzeko asmoa du, baina irabazterik ez duela espero aitortu du: «Xomorroen eraginez, aurten ez dauzkat landareak oso ondo. Hondatu egin zaizkit». Iaz ere antzeko arazoa izan zuen, baina aurreko bost urteetan lehenengo hiru postuetan geratu izan da.
Tradizio haundia Portun
Portun beti ezagutu duela loreak zaintzeko ohitura edo tradizio hori azaldu du Benitezek: «Nik beti ezagutu dut. Eta auzotar askok pila bat dakite, eta oso esku ona daukate. Laguntza eta aholkuak ematen dizkizute, eskejeak oparitu… Nik eduki ditudan landare ia guztiak emanak dira. Eta asko fijatzen dira ondokoen loreetan. Pikeak ere egoten dira lehiaketari begira. Aurten lore kaxkarrak dituztela esaten dute batzuk eta gero lehiaketara krixton lorea aurkezten dute. Oso oso ondo zaintzen dituzte urte osoan zehar eta jendea saiatzen da ez errepikatzen. Askok ohitura dute, lehiaketan opari emandako landare hori aurkezteko datorren urtean. Urte osoan zaintzen dute eta horixe aurkezten dute hurrengo urtean».
«Jendeak oso ondo zaintzen ditu loreak urte osoan zehar eta saiatzen dira lehiaketan ez errepikatzen»
Benitezek dio, berak ez dakiela landareei buruz asko, baina dakien guztia halaxe ikasi duela, bizilagunei esker: «Amona Ingalaterran bizi zen eta bere gurasoek negutegia zuten loreekin, baina bestela, familian ez dut inor lorezalea. Ez ama, ez aita… baina neri gustatu egin izan zait beti eta amak neregatik jartzen zituen. Ikasi dudana, bizilagunei esker izan da. Eta nere mutilak ere dexente daki».
Kaktusak gustoko
Normalean, lehiaketan saritzen diren landareak, landare haundi, eder eta loredunak, koloretsuak izaten direla dio Benitezek: margaritak, igokariak (enredaderak)… Berak, ordea, kaktusak ditu gustoko: «Beti gustatu izan zaizkit. Oso interesgarriak iruditzen zaizkit. Lehiaketara normalean, kaktus bat eta loredun landare bat aurkezten dut. Lehiaketan, landare bat hartzeko aukera izaten da sari bezala, eta gogoratzen naiz txikitan ere, kaktusa nahi izaten nuela. Ez zituzten jartzen eta ekartzeko esaten nien».
46 kaktus mota desberdin izan ditu etxean Benitezek, «baina ziklogenesiaren ondorioz, ia denak galdu nituen; 3-4 bakarrik geratu zitzaizkidan».
San Pedro izeneko kaktus mota bat ere badu: «Mexikokoa da mota hau eta denda batean eman zidaten. Oso egoera kaxkarrean zegoen, Euskal Herrian ez dela aurrera ateratzen esan zidaten eta bota egin behar zutela. Etxera eraman nuen eta metro eta erdikoa egin zaigu!».
Aurtengo lehiaketara, seguruena, kaktus arraroren bat aurkeztuko duela dio.
Barruko landarerik, berriz, ez du Benitezek: «Nere etxean ez behintzat. Oparitu izan dizkidate eta horiek gurasoenean dauzkat. Zaindu egiten ditut, baina etxerako ez zaizkit gustatzen. Terrazan bakarrik dauzkat».
«Ea gazteak eta gizonezkoak animatzen diren!»
Lorontzi lehiaketak saltsa jartzen badu ere, parte hartzen, beti berdinak izaten dira, Benitezen esanetan: «Emakume helduak eta umeak. Gazteak ez dira animatzen eta gizonezko bakarren bat animatzen bada ere, orokorrean emakumezkoak gara. Polita litzateke gazteak eta gizonezkoak animatzea».