San Inazio eguna Gipuzkoako herri eta auzo askotan ospatzen da, eta horietako bat da Santa Barbara auzoa. Azken egunetako antolaketa lanak eta gero, dena prest dute egun haundirako. Goizeko 10:00etatik aurrera izango da festa, eta nahi duenak, iluntzera arte izango du zerekin gozatu.
Bertsolariek egun osoa girotuko dute; Agirre, Zerain, Urdangarin eta Garin ariko dira.
Trikitilariak, hasteko
Goizeko 10:00etan egingo du eztanda aurreneko suziriak. Gari eta Iñaki trikitilariak izango dira, festa girotzen hasteko arduradunak. Eta egun osorako erreleboa, bertsolariek hartuko diete. Aurten gainera, Iraulio Panttalone bertso eskolako bertsolari beteranoen okurrentziez gozatzeko aukera izango da; izan ere, Aritz Zerain, Unai Agirre eta Jose Luis Urdangarin ariko dira bertsotan; eta nola ez, baita Antton Garin ere. Aurreneko bertsoak 11:30ak inguruan botako dituzte, egingo diren bi lore eskaintzen omenez.
Herri kirolen arteko desafioa bi koadrilen artean izango da: aizkoran, lokotxak biltzen eta txingekin.
Bi meza, San Inazioren omenez
Eguerdia San Inazioren omenezko mezek markatuko dute. Santa Barbarako ermitan 12:00etan izango da meza; eta aurretik, 11:00etan, San Joan Bataiatzailea parrokian ere emango dute.
Bazkaria ere izango da aurten Santa Barbara tontorrean: marmitakoa, entrekota eta tarta, 25 euroren truke.
Herri kiroletan desafioa, bi koadrilen artean
San Inazio eguneko ekitaldi preziatuenetako bat izaten da herri kirolen ikuskizuna. Aurten bi koadrilen artean izango da lehia. Batetik, Larra aita-semeak; Larra beteranoa aizkoran ariko da; Axel semea lokotxak biltzen; eta Enaitz semea, txingekin. Bigarren koadrilan, Juan Esnal ariko da aizkoran, Aiert Rodriguez (Paollaren semea) lokotxak biltzen; eta Iraitz Salaberria txingekin. Desafioan hiru aldiz errepikatu beharko dute proba bera: 60 ontzako enborra moztu, lokotxak bildu eta txingekin bueltak ahalik eta azkarren eman. Zein izango ote da bizkorrena aurtengoan? Eta desafioa gutxi balitz, sorpresarik ere izango da aurten.
Arratsaldean festak ez du etenik izango: toka txapelketa, txokolate jatea, ume jolasak, erromeria...
Bazkarian, menu goxo-goxoa
Santa Barbaran bazkaltzera gelditu nahi duenak ere, ez du aitzakiarik gaurkoan. Menu goxo-goxoa prestatu dute, 25 euroren truke: marmitakoa, entrekota eta tarta. Eta hori guztia festa giroan eta bertsolarien umore onarekin gozatuta.
Arratsaldean, segida
Festak ez du etenik izango iluntzera bitartean. 16:30etan jendetza biltzen duen toka txapelketa jokatuko da, lagunartean. Haurrek ere izango dute gozatzeko aukera, joko eta txokolatadarekin. Eta gorputza astindu nahi duenak, ez du aitzakiarik izango, erromeriarekin. Festak 19:00etan bukatuko dira, eta ohiturari helduz, herritarrak elkarrekin jaitsiko dira.
10:00, Trikitilariak: Gari eta Iñaki
11:30, Lore eskaintza
Ondoren, Bigarren lore eskaintza.
Egun osoan Bertsolariak: Aritz Zerain, Unai Agirre, Antton Garin eta Jose Luis Urdangarin.
12:00, Meza bertako ermitan
13:00, Herri kirolak
14:00, Herri bazkaria. Marmitakoa, entrekota eta tarta. Prezioa, 25 euroa.
16:30, Lagunarteko Toka Txapelketa
16:30, Haur jokoak eta txokolatada
17:30, Erromeria
19:00, Herrira jaitsiera