Udalean ordezkaritza duten lau alderdi politikoak Plenoan bildu ziren asteartean. Sei punturen inguruan aritu ziren, eta guztiak onartu zituzten.
Orain Hernani: «Alkateak %34a igo du soldata, 34.790 eurotik 46.700 eurotara. Gehiegi iruditzen zaigu, zinegotzien dietak ere kontuan izaten ez dituztenean»
Alkatearen soldata igoerarekin desados, Orain Hernani
Aurreko Plenoetako aktak onartzea izaten da Plenoko aurreneko puntua. Kasu honetan, ekainaren 13koa eta 30eko bozkatu zituzten. Biak onartu ziren; aurrenekoa aho batez, eta bigarrena, Orain Hernaniren kontrako botoekin. Kontrako boto hori arrazoituz, Orain Hernanik esan zuen 5garren eta 8garren puntuen inguruan aipamen batzuk egin nahi zituztela: «bosgarren puntuan, Batzordeen osaketen ingurukoan, gogoratu nahi dugu hor azaltzen diren izenak probisionalak direla. Errondak hasi dira, eta oraindik ez da ezer zehaztu».
Zortzigarren puntuaren inguruan, esan zuen, ez datozela bat aurreko Plenoan onartu ziren soldata igoerekin: «Alkatearen soldata %34 igo da, 34.790 euro kobratzetik, 46.700 kobratzera igo da. 2011n alkateak soldata jaitsi zuenean egindako deklarazioetatik urruti dago igoera hau. Gehiegi iruditzen zaigu, ez dituztenean zinegotzien dietak ere kontuan izaten. Eskatu nahi dugu gai ordenak Plenoen aurretik izatea».
Alkateak erantzun zion, bosgarren puntuaren inguruan, aurrekoan hitz egin bezala, izendapenak probisionalak direla, erronda hasi aurrekoak. 8garren puntuaren inguruan, azaldu zuen aktan azaltzen den erabakia aurreko Plenoan hartutakoa dela: «Plenoan gertatutakoa biltzen du aktak, tartean soldatena. Orain Hernanik dokumentazio hori eduki ez izana ez da akats bat. Osaketa Plenoak ezaugarri bereziak ditu, eta Alkateak ahalmena du gaia aurretik azaltzeko. Gaurtik aurrerako Plenoetan ordea, dokumentazio guztia izango da aurretik, eta Batzorde Informatzailetik pasako dira puntuak. Beraz, aurrekoan gertatukoa ez da akatsa». Bestalde, Alkateak gogoratu zuen, puntu horretan bozkatzen dena akta onartzea dela, eta ez Pleno horretan hartutako erabakiak.
Orain Hernanik galdetu zuen aurreko Pleno hori zergatik zen berezia. Alkateak erantzun zuen, badakiela Orain Hernanik eskatu duela 8garren puntu hori nulo uztea, baina aurreko Plenoan hartutako erabakia legezkoa dela: «honen inguruan badaude txostenak azaltzen dutenak Plenoak juridikoki ze ezaugarri dituzten, eta 8garren puntuan hartutako erabaki hori legezkoa da».
Orain Hernanik azaldu zuen, puntua bertan behera uztea eskatu zutela, aurrez ez zutelako behar beste informazio jaso: «emandako informazioa ez zen osatua, konpletoa puntu hori bozkatu ahal izateko». Alkateak gogoratu zien, informazioa izan zutela, ez aurrez, baina bai Pleno egunean. Orain Hernanik erantzun zien Pleno hartan Alkateak ez zuela igoeraren zifrarik azaldu: «Plenoan emandako informazioan ez zenuen kantitaterik azaldu. Legala izango da, baina informazioa falta zen. Gure kexa azaldu nahi dugu, eta horregatik bozkatzen dugu akta onartzearen kontra. Igoera gehiegizkoa iruditzen zaigulako».
Udal eraikinen garbiketari buruz txostena eskatu dute
Ebazpenen eta Batzorde informatzailearen osaeraren berri eman eta gero, bozkatu zuten 4garren puntua: Udal eraikinen garbiketa kontratu zerbitzua abendura arte luzatzea; aho batez onartu zen. Alkateak azaldu zuen, Udalak Villar enpresarekin duela kontratua, eta abuztuan bukatzen zitzaiela, eta abendura arteko luzapena bozkatzen zela: «enpresari eskatu baitzaio informe eta azterketa bat egitea, eraikin horiek garbitzeko behar diren pertsonen inguruan».
Miren Elixabete Insausti, Musika Eskolako zuzendaria
Musika Eskolako zuzendari berria Miren Elixabete Insausti izatea ere, aho batez onartu zuen Plenoak. Idazkaria Miren Elixabete Iragorri izatea ere, onartu zen puntu berean. Zuzendari eta idazkari karguak bi urterako izango dira, 2017ko abuztuaren 31 arte.
Babesa, Garineko langileei
Seigarren puntuan, Garin herriko tabernako langileek aurkeztutako mozioa bozkatu zen. Langileek beraiek egin zuten eskaera Plenoan, eta EH Bilduren aldeko botoekin onartu zen; EAJ eta Orain Hernani abstenitu egin ziren, eta PSE-EEk aurka bozkatu zuen. Gobernu Taldeko kideek gainera, elkartasuna azaldu zuten, Libre! lema zuten zapi eta kamisetekin. Ekainaren 18an Auzitegi Gorenak herriko tabernen itxiera berretsi zuen. Mozioan (ikusi www.kronika.eus) eskatzen dutena da: «Makroepaiketa zapaltzaile eta mugimendu politiko, kultural eta sozialak kriminalizatzea helburu duten operazio polizialekin amaitzea. Elkartasuna adieraztea auzi honetan akusatutako pertsonekiko eta baita herrikoetako langile eta lokaletako bazkideekiko. Eta organo judizial espainiarrek epai kondenatzaile hau indargabetzea».
Hainbat gai, azken puntuan
Eskaera eta galderen puntuan, Alkateak Amonarraizi erantzun zion aurreko Plenoko galdera baten inguruan. Boto ponderatua posible ote den galdetu zuen, eta ezin dela erantzun zuen Alkateak, zinegotzien botoa pertsonala eta bateraezina delako. Orain Hernanik Plenora gehitzeko asmoz erregistrotik sartutako bi puntuak ere azaldu zituen, eta bide batez, gogoratu zien zein den prozedimentua. Batetik, Orain Hernanik eskatu zuen Hernani kaleratzerik gabeko herria izatea eta etxebizitza hutsen zerrenda bat egitea, azalduz, zeintzuk diren banketxeenak. Bestetik, Hernanik dituen behar sozialak kubritzeko partidua bat aurreikustea. Azkenik, EAJko Amonarraizek eskatu zuen, errondetan hartu den bideari jarraipena ematea: «badaude akordioetara iristeko aukerak, eta bide horretan jarraitzea eskatzen dut irailera itxaron gabe». Alkateak erantzun zuen, asmoa dela abuztu bukaeran lanean jarraitzea».