Santio jaien atarian, festez gozatzeko gonbitea luzatu die Jesus Mari Santos alkateak, astigartar guztiei. Izan ere, gogoratu du oso egun bereziak direla herriarentzat: «uztailak, urtero bezala, astigartar guztiontzat egun pozgarrienetakoa dakarkigu: gure patroiarena, Santiago eguna. Aurtengoan lau egun izango ditugu familiarekin eta lagunekin herriko festak ospatzeko», animatu ditu.
Alkateak gaineratu du, gozamenerako egunak direla hauek: «egun hauetan, pozak izan beharko luke protagonista. Horregatik, herriko talde desberdinekin prestatu dugun festa egitaraua guztiok ondo pasatzeko pentsatuta dago, haur gazte eta heldu Astigarraga herri elkartua izatea lortu nahi dugu, eta jaietan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu».
Txukuntasuna, errespetua eta genero-indarkeriarik ez
Hala ere, Santosek azaldu du, festez gozatzeagatik ez direla beste kontu batzuk ahaztu behar: «herria ahalik eta txukunen mantendu behar da, eta herritarrekiko errespetua zaindu. Eta nola ez, genero-indarkeriarik gabeko Santio jaiak izatea espero dugu».
Modu berean, eskerrak eman nahi dizkie Kultur bulegoko arduradunei eta Jai Batzordean aritu direnei: «zuei esker, Santio jaiak gero eta hobeagoak eta parte hartzaileagoak izatea lortzen ari gara». Eta ondo pasatzera animatu ditu herritarrak, baita ere, festetan egoterik izango ez duten astigartarren partez.