Euskeraz egin nahi dute jolas, Hernanin bizi diren etorkin gaztetxoek, baita udaran ere. Eta aukera horixe da Amher elkarteak eman nahi izan diena, abuztu osoan zehar, herriko hainbat gazteren laguntzaz. Amherlekuak antolatu dituzte, eta astean bitan elkartu dira, hamaika ekintza egiteko.
«Uztailean bazeukaten aukera, udalekuetan integratuta, euskeraz egiteko, baina hortik aurrera, abuztuan, ez daukate euskerazko errealitaterik», azaldu dute Amher elkartetik. Horregatik jarri zuten martxan ekimena, gaztetxo horien gurasoekin adostuta. «Eta gero, herriko gazteak animatu dira, ekintzak prestatzen laguntzera. Sutu Jaiaketik etorri dira asko», nabarmendu dute.
«Aisialdi aukera bat ere bada»
Euskeraz aritu ahal izatea zen helburuetako bat, baina baita haur horiei udaz gozatzeko aukera ematea ere: «aisialdi aukera bat ere bada, astean bi egunetan daukatena. Izan ere, etxean zein egoera duten ikusi behar da. Guraso batzuk lanean ari dira, eta telebista aurrean gelditzen dira seme-alabak».
16 bat gaztetxoko taldea
Batzuetan gehiago, besteetan gutxiago, 16 bat gaztetxoko taldea bildu da, astearte eta ostegunero, aisialdiaz euskeraz gozatzeko. Denetik egin dute: piraten eguna, sorgin eguna, jolasak, eskulanak, altxorraren bila... «Karabelekon ere izan ginen. Baratzeak erakutsi zizkiguten, tomatea probatzeko eman ziguten... Haurrei asko gustatu zitzaien, eta horregatik, gu ere baratzean aritu gara ostegun honetan, ikasitakoa aplikatzen», kontatu dute. Igerilekuetara joateko aukera ere eman zien Udalak.
Ekintzak aukeratzeko garaian, interesguneak bilatu dituzte, haurrak erakartzeko. Baina haiei ere eman diete aukera, aisialdia kudeatzeko, nahi zutena egiteko: «kontua da, gurekin egonda, haiek euskeraz egitea».
Zirkua eta bazkaria, bukatzeko
Astearte honetan izango dute azkeneko saioa, eta despeditzeko, zirkua prestatu dute gaztetxoek. Amherren egoitzan izango da, goizean, eta sorpresa batzuk ere egongo dira. Ondoren, bazkaria egingo dute bertan, laguntzen aritu diren bolondresekin, eta sortu berri den gazte koadrila batekin, bertako eta kanpoko gazteek osatua.