Euskal Herriko aurreneko Sagardo Eguna Astigarragan ospatu zen 1976ko uztailaren 26an, Santa Ana egunean, hain zuzen, Sagardoetxeako datuen arabera. Beraz, aurten, 40 urte betetzen dira ordutik.
Astigar elkartea, kultura bultzatzailea
Sagardo Egunaren sortzaile eta bultzatzailea Astigar elkartea izan zen; 13-29 urte bitarteko gazteek osatutako elkartea, hain zuzen.
Astigar taldea 1976ko otsailean sortu zen, herrian kultur mugimendurik ez zegoela ikusita. Horrela, hainbat jarduera antolatzen eta sortzen hasi ziren: euskal dantza, solfeo, txistu, akordeoi eta euskera ikastaroak; esku pelota eta pala txapelketak; kultur asteak; mendi irteerak; hitzaldiak... Eta tartean, Astigarragako jaiak.
Jai partehartzaileak bultzatu nahian sortutako eguna
Astigarragako koadrilek antolatzen zituzten festak, Astigar elkarteak testigua hartu zuen arte. 1976ko urte hartan, jaietarako egitarau erakargarria eta partehartzailea osatzea izan zuten helburu.
Horretarako, hainbat ekitaldi antolatu zituzten: herri kirol erakustaldiak, euskal dantza eta eskulangintza erakustaldiak, dantzaldiak, marrazketa lehiaketa, trikitilarien diana, eta, horien guztien artean, sagardo lehiaketa eta dastaketa. Azken horiek Santa Ana egunean ospatu ziren, eta ordura arte egiten zen sagardo botatzaileen lehiaketa ordezkatu zuen. Izan ere, herritar askorentzat aspergarria izaten zen lehiaketa hura, ezin baitzuten parte hartu.
Makina bat aldaketa, Sagardo Egunaren 40 urteetan
Sagardo Eguna aurreneko aldiz ospatu zen hartan, Astigarraga eta Ergobiako sagardogile guztiek hartu zuten parte. Baina oso bestela egiten ziren gauzak, orduan.
Sagardogile bakoitzak 50 sagardo botila oparitu zituen, baina ez ziren beraiek izaten zerbitzatzen. Lehenengo urteetan, sagardo bakoitza kupel huts bat zeukan mahaiean aurkezten zen. Kupel horiek herriko ardo biltegi batek uzten zituen, eta kupel bakoitzak barruan zeraman sagardoaren izena izaten zuen.
Bestalde, ez zen ohikoa nork bere edalontzia edukitzea, gaur egun egiten den moduan. Orduan, sagardotegietako ohiturari jarraituz, erakusmahai bakoitzean hamabi edalontzi izaten ziren, eta erabili ondoren, urez betetako ontzi batean garbitzen ziren, hurrengoa zerbitzatu ahal izateko.
Astigarragatik, Euskal Herri osora
Astigarragan egindako aurreneko Sagardo Egun hark izandako arrakasta ikusita, berehala zabaldu zen Sagardo Egunak ospatzeko ohitura. Gaur egun, hamaika tokitan egiten da.
Era berean, sagardogileak ere konturatu ziren sagardoa kalera ateratzeak izandako garrantziaz, eta pixkanaka, sagardoa beraiek zerbitzatzen hasi ziren.
Zipotza eta Sagardun
20 urte ingurutan Astigarrek antolatu zuen Sagardo Eguna, eta ondoren, Zipotza Elkarteak hartu zuen ardura, Udalaren laguntzarekin. 2003an, berriz, Sagardun Partzuergoa sortu zen: Udalak, 14 sagardogilek eta 7 kultur taldek osatzen dute; tartean, Astigar eta Zipotza. Ordutik, Sagardunek antolatzen du Sagardo Eguna.
Ekitaldi bereziak
Sagardo Egunaren 40garren urteurren hau ospatzeko, makina bat ekitaldi antolatu dituzte iganderako, plazan: burdinaren forja erakustaldia, sagardo dastaketa, idi dema izango dira... Eta 12:00etan, ekitaldi berezia egingo dute udaletxean, antolatzaileek eta Astigar taldekoek.