2014ko maiatzean epaitegietara jo zuten Atez Atekoa erabiltzen duten herriek (Hernani, Astigarraga, Lezo, Pasaia eta Usurbil) San Marko Mankomunitatearen 2014ko aurrekontuaren kontra. Izan ere, San Markok hainbat zerbitzu eskaintzen ditu; Atez Ateko sistema erabiltzen den herrietan, ontziak Udalek ordaintzen dituzte. Kontenedoreak, aldiz, San Markok kudeatzen ditu.
Hala ere, San Markoko aurrekontu horretan, zerbitzu guztiak kobratzen zitzaizkien herri guztiei; herri bakoitzeko biztanle kopuruaren arabera, hainbeste. Atez Ateko sistema erabiltzen duten herrietako Udalek eskatu zuten kontenedore zerbitzua ez kobratzeko. Orain, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Zigor Salak arrazoia eman die.
«Ulertzekoa da Udalek errekutsoa jarri izana»
Hernaniko alkateak, Luis Intxauspek azaldu du «biztanleriaren arabera banatzen diren oinarrizko gastu batzuk» daudela, baina kontenedoreena diferentea dela. Horregatik jo zuten auzitara: «hori irabazi dugu».
Astigarragako Udalak ere Auzitegiaren epaia ulertzekoa dela azpimarratu du: «Ulertzekoa da Udalek errekurtsoa jarri izana, ematen ez zaien zerbitzua kobratu nahi baitie mankomunitateak».
Garbitania eta San Markok, zerbitzu desberdinak
San Marko mankomunitateak eta Garbitaniak zerbitzu desberdinak ematen dituzte, Hernani eta Astigarragako Udalek azaldutakoaren arabera.
«San Markok zerbitzu batzuk ematen dizkigu; errefusa eramatea, adibidez. Baina zaborra jaso, Garbitaniak egiten du, eta gure ontziak Udalak jartzen ditu», azaldu du Intxauspek.
Astigarragako Udalak ere bi erakundeen lana bereizi du: «Garbitaniari atez ateko bilketa sistema zerbitzuaren zati bat egiteagatik ordaintzen zaio: ontzi arinak, papera, organikoa eta errefusa jasotzeagatik. 2014an, 427.528,19 euro. San Markori bi kontzepturengatik ordaintzen zaio: arropa, olioa, beira edo pilak modu selektiboan jasotzeagatik eta poligonoetako bilketa egiteagatik; eta bestetik, Udal bakoitzak kuota finkoa dauka. Guztira, 69.820 euro. Udalak beste gastu batzuk ere ordaindu zituen: inbertsio gastuak (16.002,76 euro), konpostatze gastuak (28.145,85 eruo) eta atez ateko informazio gunea (21.695 euro).
Astigarraga: «Bi mankomunitatetako kide garela esan liteke eta ez da inolaz ere ekonomikoki jasangarria»
Hernani: «Sistemak demostratu du eraginkorra dela. Birziklatze tasek erakusten dute»
«Eskatuko dugu sententzia aplikatzea eta 2014ko dirua errekuperatzea»
Behin epaia jasota, Intxauspek azaldu du espero dutela San Markoko gastua jaistea. «Eskatuko dugu sententzia aplikatzea eta 2014ko dirua errekuperatzea. Ez dakigu zenbat izango den». Bestalde, azpimarratu du Hernanin bi sistemen arteko eztabaida gainditua dagoela: «Sistemak demostratu du eraginkorra dela. Birziklatze tasek erakusten dute».
Astigarragako Udalak, berriz, azaldu du San Markoko batzar berria irailean osatuko dela. «Orduan jakingo dugu mankomunitateak epaiari helegitea jartzeko erabakirik hartuko ote duen. Bitartean, ez dugu dirurik aurreztuko, atez atekoa zerbitzu garestia baita. Bi mankomunitatetako kide garela esan liteke eta hori ez da ekonomikoki jasangarria. Gai honi buruz, gure asmoa da kontsulta egitea».