Bukaerara iristen ari da V. Buruntzaldea Txapelketa. Gaurkoan, finalerdietako azken partiduak jokatuko dira, arratsaldeko 17:00etan hasita, kiroldegiko frontoian.
Hiru partidu jokatuko dira gaur.
Aurrena, eskuz banaka ariko dira kadeteak; hemen ez da hernaniarrik izango, Ekaitz Insausti eta Ibai Ezeiza ariko baitira aurrez aurre.
Bigarren partidua, berriz, jubenilena izango da, eskuz binaka; hemen, bi hernaniar ariko dira, elkarren kontra: Ander Lazkano, Oliden bikote duela, Garikoitz Arizmendiren kontra, Alberdi bikote duela.
Dagoeneko finalerako sailkatu dira hainbat hernaniar: Xabier Salaberria kadetea eta Urkizu eta Lizeaga bikote seniorra.
Azken partiduan, seniorrenean, ere ez da hernaniarrik izango. Urmeneta eta Ortiz de Urbina, Maiz eta Labakaren kontra ariko dira.
Urkizu eta Lizeaga, finalean
Gaurkoen aurretik, finalerdietako beste hiru partidu jokatu ziren, lehengo larunbatean, eta orduan ere hernaniarrak izan ziren tartean.
Eskuz banaka, kadete mailan, elkarren kontra aritu ziren bi kide; azkenean, Xabier Salaberria izan zen garaile, 22 eta 21, Ibai Ezeizaren kontra.
Jubeniletan, berriz, ez zen hernaniarrik atera frontoira: Iraola eta Oiartzabalek irabazi zuten, 22 eta 15, Olarra eta Odriozolaren kontra.
Seniorretan, berriz, garaipen bikaina lortu zuen bikote hernaniarrak: Iñigo Urkizu eta Markel Lizeaga aurretik jarri ziren, 22 eta 13, Solano eta Iruretagoienaren kontra.