Prentsa ohar bidez Astigarragako EH Bilduk azaldu du: «uztailaren 4an prentsan argitaratutakoaren arabera, Udalak Garbitaniari txosten ekonomikoa eskatu ziola jakin genuen».
Hori horrela, EH Bilduk dio hondakinen inguruan hartzen ari diren erabakien berri galdetu ziola Udal Gobernuari. «Erantzuna jaso dugu, ez ofiziala, baina gaia argitu da: ez da txosten ekonomikorik eskatu. Eskatu den txosten bakarra, Udaleko idazkariari eskatutakoa da, Astigarragak Garbitanian zein partehartze duen zehaztearren; aurreko legealdiko Plenoek erabakita, EAJko zinegotziek jakin beharko luketena». Beraz, gezurretan ibiltzea egotzi dio EAJri.
«60.000 euro zor dizkio San Markok Astigarragari»
Bestalde, EH Bilduk azaldu du «Astigarragaren aldeko oso epai garrantzitsua» iritsi dela Auzitegi Nagusitik. «Epaiak arrazoi eman digu hondakinak atez ate biltzen ditugun herrioi, Astigarragari barne, eta San Markoko aurrekontuak baliogabetu ditu, gure herrietako hondakin bilketa osoa ordaintzeaz gain, gainontzeko herrietako edukiontzi bidezko hondakin bilketa ordaintzera behartu nahi gintuztelako EAJk, PSEk eta PPk».
Hori horrela, San Markok Astigarragari dirua zor diola dio EH Bilduk. «Bere garaian egindako kalkuluen arabera, atez atekoa ezarrita egon den urte bakoitzarengatik (bi urte), 30.000 euro zor dizkio San Markok Astigarragari, hau da, 60.000 euro». Horregatik, EH Bilduk azaldu du: «Udal Gobernuari eta EAJri diru hori ahalik eta azkarren berreskuratzeko eskaera egin diogu, horretarako kontuhartzaileari zorraren kopurua zehazteko eskatuz».
Era berean, salatu du: «EAJk, herritarrak nahasiz, atez atekoa kendu eta hondakin bilketa pribatizatu nahi du».