Bozeramaile batzordeko kideak eta Zarkumendegira bidegorria, aho batez onartuta

Kronika - Erredakzioa 2015ko uzt. 22a, 02:00

Larunbatean egin zen Plenoa, udaletxean. Aho batez onartu ziren gai ordeneko bederatzi puntuetako 7, eta de­sa­dostasu­nak izan ziren beste bi pun­tutan eta urgentziaz sar­tutako azken puntuan, Babes Ofi­zialeko Etxeen ingurukoan.

Batzordea, osatua
Plenoko aurreneko puntuan aurreko aktak onartu ondoren, bozermaile batzordeko kideen izendapena onartu zen, aho batez. Jesus Mari Santos izango da lehendakaria, eta bokalak, Zorione Etxezarraga (ordezkoa: Jon Arregi), Andoni Gartzia (ordezkoa: Ione Ola­ziregi) eta Mikel Duran.

Bidegorria, natur eskola eta hiri hondakinen ordenantza, onartuak
Aho batez onartu ziren beste puntu batzuk ere; Santia­go­men­diko Natur Eskola aterpea ku­deatzeko zerbitzuaren eslei­pe­na Sasoi-Sport enpresari ematea.
Hiri hondakinak bildu eta tratatzeko ordenantzan alda­keta egitea ere onartu zen; ez da zigortuko atez atekoan egindako aurreneko oker arina. EH Bilduko bozeramaile Andoni Gartziak poza azaldu zuen: «pozten gara orain aldaketa xume honekin ordenantza onartu izanaz, 2013an ordenantza aurkeztu zenean EAJ eta H1!ek kontra bozkatu baitzuten». Eta gehitu zuen bi urtetan «16 isun bakarrik jarri» direla.
Zarkumendegirako bide­go­rria egiteko konpro­mi­soa eta kontratazioa espedien­tea ere onartu ziren. Andoni Gartziak azaldu zuen aspaldi hasi zirela lanak: «aurreko 4 urteetan As­ti­­ga­rra­gak aurrerapauso  haun­diak egin ditu». Era beran, es­ke­rrak eman zizkien Dipu­ta­zioari eta lurrak desjabetzea do­an onar­tu duten bizilagunei. PSEko Mikel Duranek azpi­ma­rra­tu zuen: «proiektu estra­te­gi­koa da eta normaltasun sei­na­lea da aurreko korporazioak ha­­si­tako hurrengoak jarraitzea».

Udalbiltzan ordezkapenik ez
Erakundeetarako kideen izen­dapenari dagokionez, EH Bilduren kontrako botoekin onartu zen Euskal Fondoak erakundeko ordezkari EAJko Zorione Etxezarraga izatea (ordezkoa: Jon Arregi).
Udalbiltzan, berriz, ordez­kapenik ez izatea onartu zen. EH Bildu prest azaldu zen  or­dezkaritza betetzeko, baina EAJ eta PSEk kontra bozkatu  zuten.
2016ko zerga fiskalak, berriz, EH Bilduren abstentzioarekin eta EAJ eta PSEren aldeko botoekin onartu zen.

Desjabetzea, aho batez
Kultur etxeko lorategiaren zati bat (84m2) desjabetzea ere aho batez onartu zen. Baina Andoni Gartziak harridura azaldu zion gobernu taldeari: «prentsan EH Bilduren kontra egin duzue, eta gero, txostenean, arrazoia eman diguzue. Bestetik, Anus­kako obra­rekin jarrai­tze­ko 2008an EAJ saiatu zen fun­dazioa likidatzen. EH Bilduk egin duena da fun­dazioari indemnizaziorako eskubidea eman, eta idazkariak esan du behar bezala abisatu zaiola fundazioari».
Jesus Mari Santos alkateak erantzun zion: «gu ez gara ari Udalaren kontra. Egin duguna da erregistroan sartutakoa prentsari eman. Guk beti egiten dugu Udalaren alde».

Babes Ofizialeko Etxeak esleitzeko espediente berria
Urgentziaz sartutako puntuan onartu zen Babes Ofizialeko Etxeak esleitzeko espediente berria, EAJ eta PSEren aldeko botoekin eta EH Bilduren kontrakoekin. Jesus Mari Santos alkateak azalpena eman zuen: «aurreko espe­dientearen tramitea bukatu da eta etxe batzuk ez dira banatu. Lehenbailehen banatzeko beste espediente bat behar da. Batzordean hitz egin zen, eta baldintzak xamurtu dira, etxea lortzea erra­zagoa izateko».
EH Bilduko Andoni Gartziak desadostasuna azaldu zuen: «Batzordean ahoz hitz egin zen, eta guk proposatu genuen hobeto aztertzeko. Ez da egin eta horregatik gaude kontra. Oraindik 6 etxe daude banatu gabe, eta izena ematen dutenek ez dute jakingo zein taldetan eman dezaketen izena. Badakit gauzak ondo egin nahi direla, baina itxoin egin behar da. Etxeak esleitu, eta gero, pleguak atera».

Kiroldegiko obrak eta Merkataritza Plana, aztergai
Azkenik, galderetarako tartean Andoni Gartziak galdetu zuen kiroldegiko obren bigarren fasearen inguruan eta Mer­ka­taritza Biziberritzeko Planaren inguruan. EAJk azaldu zuen aztertzen ari direla eta berri emango duela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!