«Euskal kantetan oinarritu gara gure moldaketak eta perbertsioak egiteko»

Kronika - Erredakzioa 2015ko uzt. 22a, 02:00

Astigarragako Santio jaietan izango zarete. Nolako ikuskizuna daukazue prestatuta?
EPA! Ikuskizuna eramango du­gu Astigarragako oholtzara. Gure bigarren lana da eta lehenengoan bezala, a capella estiloan oinarritzen den ikuskizun musikal bat da;  bertan musika eta lau pertsonajeen sketchak elkartzen dira kon­tzertu bat baino gehiago es­kai­niz. Baina bigarren honetan euskal kantetan inspiratu gara (Xalbadorren Heriotzean, Bagare, Lau Teilatu, Maitiak Galdegin zautan, besteak beste) gure moldaketak eta perbertsioak egiteko; sanba, reggae, bollywood, jazz estiloetara eramanez.

Umorea da zuen emanaldien ezaugarri nagusia, ezta?
Bai, umorea dago hasiera-hasieratik. Eta hasieratik argi geneukan zer edo zer dibertigarria izan behar zela; ez ba­karrik publikoak ondo pasa­tzeko, baizik eta guk ere disfrutatzeko. Gainera, gure zu­zendaria, Patxi Barco, genero askotan aritu den arren, ko­me­dian nabarmen­tzen da. Ema­naldietan umorea ikus dai­teke abestien modaketetan, lau pertsonajeen nortasun xelebreetan, koreografietan, gidoian... Gi­doia Patxi Bar­cok eta Kepa Errastik egin dute eta hau da sinopsia: lau per­tsonajeak konbentzituta dau­de munduko estilo musikal guztien jatorria gure folklorean bilatu behar dela. Hau da, jazz, swing, afrikar musika… euskal musikatik sortu direla.

Zein elementu nahasten dira zuen saioetan? 
Abestiak gehienak a capella badira ere, emanaldietan instrumentoak ere jotzen ditugu: gitarra, teklatua, esku-soinua eta kajoi flamenkoa. Bestetan, guk egindako base musikalen gainean abestu eta dantza­tzen dugu. Horrela, dinamika ezberdinak sortzen dira emanaldian zehar, eta koreografiak ondo etortzen zaizkigu ahotsak deskantsa­tzeko. Baina, gure emanaldiak kon­tzertu bat baino gehiago eskaintzen du, beraz, musikaz aparte, gidoi bat badago abestiei lotura eta ikuskizunari zentzua ematen diena. 

Antzerkia egiten duzuela esan liteke?  
Emanaldiaren %80a musika da, baina abestiak lau pertsonajeen harrikadekin na­has­ten direla esan daiteke. Patxi Barcoren lana izan da pertsonajeak zutik jartzea eta emanaldiari koherentzia ematea. Ez da lan makala berak egiten duena. Gainera, beti hobe­tzen saitzen gara, bai antzerkiari, bai abestiei dagokienez.

Zer da ikusleek gehien atsegin dutena, Demodé Quartet-en ikuskizunetan?
Uste dugu, alde batetik, gure betiko kantak beste era batean entzutea dela gehien harritzen duena. Adibidez, Sarri Sarri moldaketak barreak sortarazten ditu beti, edo Loa loa seaska kanta bollywood kanta-dantza bat bihur­tzea… Eta bestetik, guk oso ondo pasatzen dugula ikustean, publikoak ere gehiago disfrutatzen du.

Zer da benetan berezi edo desberdin egiten zaituztena?
Gure abestien moldaketak originalak eta freskoak direla, espero ez diren estiloak sor­tzen ditugu betiko kantekin. 

Zertan oinarritzen zarete, horrelako ikuskizunak prestatzeko? 
Lanean eta lanean eta lanean… ez dago besterik!

Nondik ateratzen dituzue ideiak, nondik inspirazioa?
Gure umoretik, gure jolasetik… Entsaioetan oso ondo pasatzen dugu, eta horrek laguntzen dio sormenari, baina ez gaude beti barrez, lan serio bat atzean badagoelako (armoniak prestatu, gidoia, entsaioak, grabaketak, antolamendua…).

Zer dela eta hasi zineten espektakulu hauek egiten?
Horrelako ikuskizun bat egitea buruan bagenuen aspalditik, gure diziplina guztiak nahastuko zituen ikusizun bat: musika, antzerkia, umorea… Horrela hasi ginen en­tsaiatzen eta ahotsak enpastatzen 2008 urtean. 

Bost urtetan, makina bat emanaldi eskaini dituzue.
150 emanaldi baino gehiago. 2010eko maiatzean gure le­he­nego ikuskizuna “DQ” es­treinatu genuenetik antzerki-areto aunitzetatik pasatu ga­ra; haien artean, Donostiako Antzoki Printzipala eta Kur­tsaala, Bilboko Arriaga edota Campos Eliseos Antzokia. Era berean, ekitaldi haundietan ahotsa zein aurpegia jarri dugu; 2013ko Donostiako Zinemaldian, esate baterako. Eta 2013ko azaroan bigarren ikuskizun musikala estreinatu genuen: Epa!. Bigarren ikus­kizun honen aurkezpenaren bira luzean gabiltza murgilduta uda honetan ere, Euskal Herrian zehar. Eta aldi berean, uda honetako asteazkenetan Madrilgo Lara An­tzokian gaude “DQ” ikuskizunarekin. Eta momentuz oso kritika onak jaso ditugu!

Zer ematen dio taldeko kide bakoitzak Demodé Quartet-i?
Musikalki estilo ezberdinetatik gatoz: jazz, pop, musika elektronikoa edota kantautore musikatik. Honi gehitu behar diogu pertsonalki ere oso ezberdinak garela, eta  ho­ri oso aberasgarria dela gure kasuan. Dena den, nahiz eta oso ezberdinak izan, nahiko ondo entenditzen gara musika sentitzeko mo­mentuetan. Hori musikari da­gokionez, bestetik Patxi Bar­coren lana oso argi dago, an­tzerkiarekin zerikusirik dau­kana bere eskuan dago.

Taldea ezagutzen ez duena, nola animatuko dugu zuen saiora joatera? Zer aurkituko dute bertan?
Freskura, dibertsioa, umorea, armonia berriak… aurkituko dituzte. Beraz, ondo pasatzera eta gure ahotsekin disfrutatzera animatzen ditugu euskaldun guztiak. n

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!