Iritsi da gozamenerako urteko zita nagusia, astigartarren agendan. Santio jaiak hasiko dira bihar, Aiztondo abesbatzak txupinazoa botatzearekin batera, arratsaldeko 19:00etan. Segidan, akelarrea ibiliko da kalejiran, herrian zehar, Foru plazan antzezpena eginez bukatzeko.
Hasiera ofiziala izango da hori, baina aurretik ere, festak hartuko du herria, goizetik. 12:00etan egingo dute txupinazo txikia, eta gozatzeko aukera zabala izango dute haurrek, igelaren jokoan, ferietan, Sardina Freskue! ikuskizunean edo txokolatadan.
Lau eguneko programa, bete-betea
Lau egun izango dituzte aurten Santioek, bihar hasi eta igandera bitartean. Baina programa bete-betea prestatu dute, astebururako bereziki. Jokuek, musikak, kirolak edota mota guztietako emanaldiek hartuko dituzte Astigarragako kaleak.
Etzi, musikak hartuko du protagonismoa. Eta mota guztietakoa izango da, gainera. Mexikoko abestiekin hasiko dira, Norberto Almandoz plazan, Fiesta Imperial bikotearekin, eta Jaixki txarangak segiko du gero, txosnako karpan. Hortik aurrera, ez da musika geldituko: Los Artistas del Gremio txaranga umoretsua kaleetan, Artritis, Fridays Crew, Arkada Social eta Las Tea Party txosnako karpan, Demodé Quarteten umorezko ikuskizun musikala Joseba Barandiaran plazan, eta Granujas a Todo Ritmo txaranga gauerdian.
Denetik, Santio eta Santa Ana egunetan
Baina asteburua izango da benetan mugitua. Denetik izango da larunbatean, Santio egunean: ohiko dantzaldiak, udalbatzaren soka-dantza, Astigar taldearen saioa eta larrain-dantza herrikoia; sokamuturra, magoa, musika...
Eta igandean, Santa Ana egunez, ez dira faltako joaldunak, idi dema, sagardo dastaketa, bertsolariak edota herri kirolak.
Laiotz taldeak jarriko dizkie azken musika notak, aurtengo Santio jaiei, eta zezensuzkoak agurtuko ditu.
BIHAR, UZTAILAK 23
10:30, Igelaren jokoa haurrentzat, bakarka edo aiton-amona batekin bikoteka, Norberto Almandoz plazan. Galtzaur elkarteak antolatuta.
12:00, Txupinazo txikia, Xaguxar elkarteak antolatuta, eta ondoren buruhaundi eta erraldoiak, musika eskolako AHIT txarangak lagunduta.
12:00, Feriak irekiko dira, eta fitxen prezioa euro batekoa izango da, aurreneko egunean.
14:00, Herri bazkariak:
- Foru plazan Xaguxar elkarteak antolatutako haur-bazkaria.
- Joseba Barandiaran plazan gaztelekuko bazkaria. Txartelak gaur arte salgai, gaztelekuan.
16:30, Sardina Freskue! haur berbena eta jolasak Foru plazan. Betiko itsasoko euskal kantuak, mundu zabaleko doinu anitzez lagunduta.
18:00, Txokolate jatea Foru plazan, Xaguxar elkarteak antolatuta.
19:00, Txalapartariak; pregoia Aiztondo abesbatzaren eskutik, bere sorreraren XX. urteurrenean; eta txupinazoa.
19:30, Akelarrea. Kalejira Hernaniko dultzaineroek eta Txirriskla eta musika eskolako txistulariek lagunduta, Norberto Almandoz plazatik abiatuta.
20:00, Gazte Asanbladaren txosnaren irekiera.
21:00, Akelarrearen antzezpena, Foru plazan.
23:00, Gaztejai diskoteka, Joseba Barandiaran plazan; eta bukaeran, 02:00etan, apar-festa.
23:00, DJ gaua: Mike Villas, Morente eta Paket Flat Kolektiboa, txosnaren karpan. Gazte Asanblada.
ETZI, UZTAILAK 24
11:30, Haur parkea, ikastolako atarian: puzgarri, joku eta ur gaineko bolak.
11:30, Wipe Out parkea, 10 urtetik gorakoentzat, Txomiñenea frontoian.
14:00, Herri bazkariak:
- Gazte bazkaria txosnako karpan.
- Erretiratuen bazkaria Galtzaur elkartean.
15:30, Fiesta Imperial bikotea, abesti mexikarrak eta dantzaldia, Norberto Almandoz plazan.
16:00, Haur parkea, ikastolan: puzgarri, joku eta ur gaineko bolak.
16:00, Wipe Out parkea, 10 urtetik gorakoentzat, Txomiñenea frontoian.
16:30, Jaixki txaranga, txosnako karpan.
19:00, Apar-festa, Foru plazan.
19:00, Artistas del Gremio txaranga.
20:00, azken aurreko ostiraleko kontzentrazioa, J.Barandiaran plazan.
22:00, Artritis, Fridays Crew, Arkada Social eta Las Tea Party taldeen kontzertua; eta ondoren, DJ Txaladuras eta DJ Xemark. Txosnako karpan, Gazte Asanbladak antolatua.
22:30, Demodé Quartet, umorezko ikuskizun musikala, Joseba Barandiaran plazan.
00:00, Granujas a Todo Ritmo, blues musikako txaranga.
LARUNBATA, UZTAILAK 25
09:30, Txirriskla taldeko txistularien diana berezia.
09:30, Euskadiko Toka Txapelketa, Norberto Almandoz plazan. Izenematea 09:30etatik 11:00etara.
10:00, XV. Iker Ruizen oroimenezko 3x3 Saskibaloi Txapelketa, kiroldegian. Mundarro elkarteak antolatuta. Sariak 18:00etan banatuko dira.
10:00 Haurrentzako VIII. Txirrindularitza Proba (2004-2011 artean jaiotakoentzat), Arrobitxulo kalean. Izenematea: aurrez kiroldegian, eta egunean bertan 09:30etan.
11:00, Meza nagusia Santiagomendiko Done Jakue ermitan; eta ondoren, Txirriskla taldeko txistularien emanaldia.
11:30, Joko tradizionalak, 4-11 urte bitarteko haurrentzat, Mundarro plazan: lokotxak biltzea, zaku-lasterketa, sokatira.... Aurrera Mutilak Realeko peñak antolatuta.
12:30, Udalbatzaren soka-dantza, Foru plazan.
13:00, La Parrús Dixie Band, musika eta animazio ibiltaria, Foru plazatik abiatuta.
18:00, Astigar taldearen dantza erakustaldia Txomiñenea frontoian.
19:30, Santa Ana eguneko demako idien pisaketa, Foru plazan.
20:00, Pasai txaranga, Foru plazan.
20:00, Sokamuturra txikia, Foru plazan.
20:30, Beldur Barik gunea, jaietan indarkeria sexistari aurre egiteko hiriko mapa debekatua egingo da, gazteen laguntzarekin, Joseba Barandiaran plazan.
22:30, Yunke magoa, Joseba Barandiaran plazan: gorputza zeharkatzen duten lantzak edo bitan mozten duen zerra, lebitazioak... Ilusio haundi eta txikiak publiko guztia txunditzeko.
23:00, Rantanpank taldearen kontzertua, txosnako karpan. Gazte Asanbladak antolatuta.
23:45, Larrain-dantza herrikoia, Foru plazatik abiatuta.
00:30, Psycho-Clown, perkusio erritmoarekin 9 musikari-aktoreren kalejira beldurgarria, AGAko gazteen parte hartzearekin. Joseba Barandiaran plazatik abiatuta.
01:30, Potato taldearen kontzertua eta Trakets taldearekin dantzaldia, txosnako karpan. Gazte Asanbladak antolatuta.
IGANDEA, UZTAILAK 26
09:30 Iturengo joaldunak eta Astigarragako trikitilari gazteak herrian barrena ibiliko dira.
Santa Ana Eguneko jarduerak, Foru plazan, Goldea eta Zipotza elkarteek antolatuta:
11:30etatik aurrera:
- Burdinaren forja erakustaldia.
- Sagardo dastaketa.
- Idi dema 1.700 kiloko harriarekin: Errenteriako Matxain, Orioko Oliden eta Larraulgo Kixkurraren idiak.
12:00, Aitor Mendiluze eta Unai Agirre bertsolariak.
14:00-14:30, Herri bazkariak:
- Ipintza sagardotegian.
- Elkartasun bazkaria, txosnako karpan.
18:00, Txatarra, familiarteko publikoarentzako antzerki-zirku ikuskizuna, Apeztegi plazan. Euria egiten badu, ikastolako atarian.
18:00, Herri kirolak, Foru plazan: gazteen arteko probak, sokatira eta Astigarragako emakumeen I. Trontza Txapelketa.
18:00, Bingoa, Galtzaur elkartean.
19:00, Kukai dantza taldearen Gelajauziak, Joseba Barandiaran plazan.
19:30, Astigarragako trikitilari gazteen erromeria, Foru plazan.
20:00, Apalatxe bakarlaria, txosnako karpan. Gazte Asanbladak antolatuta.
20:00, Laiotz taldea, Joseba Barandiaran plazan.
20:00, Hegaluze pintxoak eta Gernikako piperrak parrillan erreta, Joseba Barandiaran plazan.
22:00, Pelax eta Cow Boys Orchestra eta Kike Tormenta abeslariak txosnako karpan.
22:30, Laiotz taldea, Joseba Barandiaran plazan.
22:30, Zezensuzkoa, Joseba Barandiaran plazan.