PSE-EEko bozeramailea den Ricardo Crespok Gobernu Taldearekin egindako aurreneko errondari buruz prentsa oharra bidali du Kronikara. Bertan dio, PSE-EEk eskatu duela Udaleko errekurtsoak modu proportzionalean banatzea «honek partehartzea areagotuko luke. Gainera, Udal gobernuaren eguneroko lana fiskalizatzea erraztuko baligukete, Udalaren jardunaren gainean egoteko aukera gehiago izango genuke».
Crespok dio, Udalaren eguneroko gestioan parte hartzeko espazio gehiago eskatu dituztela: «Alkateak proposatutakoak norabide hori izan dezake. Hala ere, oraindik lan asko dago egiteko gardentasunean eta oposizioaren partehartzeari dagokionean. Espero dugu Bildurentzat neurrira egindako traje bat ez izatea, guretzat ez baita nahikoa. Hori horrela, bi taldeak irailean elkartu gara, komunean ditugun posizioetan aurrera egiteko asmoz».
Oharrean Crespok dio, Alkateari jakinarazi diola duen kezka: «maiatzaren 24tik ez da ezer aurreratu. Iraileko Plenoan gai hau amaitutzat ematea espero dugu, eta Hernaniren alde lana egiteko dinamika bat martxan jartzea. Akordioari prestigioa ematearen alde egin beharko genuke lana, eta alderdi guztiekin adostasun batera iritsi, Hernaniren alde onena lortzeko».