Bikote honen markek ez dute mugarik. Txapelketa bat irabazi eta beste baten bila joaten dira berehala, eta berriro ere, emaitza paregabeak lortu dituzte.
Asteburu honetan Emakumezkoen Paleta Gomako Nazioarteko Torneoan hartu dute parte, trinketean; Oberenaren 75garren urteurrenaren harira antolatutako Torneoan, hain zuzen. Eta oraingoan ere, txapela ekarri dute etxera.
Gipuzkoarrak, nafarren aurretik
Finalean Haizea Zamora eta Beatriz Andueza bikote nafarraren kontra jokatu zuten Ariane Arrietak eta Maider Mendizabalek, eta gipuzkoarrak izan ziren nagusi azkenean, 21 eta 30.
Aurreneko tantoetan pareko ibili ziren bi bikoteak. Nafarrek aurrea hartu zuten behin, markagailua 12 eta 11 jarrita. Baina hortik aurrera, gipuzkoarrak izan ziren nagusi, partidu osoan zehar.
Aurrena, 12-17 aurreratu ziren Arrieta eta Mendizabal. Nafarrek indarrak bildu eta diferentzia txikitzea lortu zuten pare bat aldiz; 15-17 eta 17-19 gerturatu zuten markagailua.
Baina hortik aurrera, gipuzkoarrek ez zieten atsedenik eman; markagailua 17-25 jartzean, garaipena esku eskura izan zuten. Nafarrek, egin zituzten beste tanto batzuk, baina, azkenean, Arrieta eta Mendizabal izan ziren garaile, 21 eta 30.
Partiduaren erdialdetik aurrera, Arrieta eta Mendizabal izan ziren nagusi, bikote nafarraren aurrean, 21 eta 30 gailendu ziren arte.
Finalerdietan ere, alde nabarmena
Finalera pasa aurretik, Aristorena eta Bordagarayren kontra jokatu zuten Arrietak eta Mendizabalek, eta orduan ere, nahiko erraz irabazi zuten gipuzkoarrek. Aurrez aurre zuten bikoteari finalerako pasea kendu zioten, 30 eta 22 irabazita.
Bikote gaindiezina
Denboraldi bikaina egiten ari dira Arrieta eta Mendizabal. Argi erakutsi dute, biak elkarrekin, ia gainditu ezineko bikotea osatzen dutela.
Hil honen erdialdera Europako txapeldun titulua lortu zuten, F30 modalitatean.
Pixka bat lehenxeago, berriz, Femina Tour txapelketako azpitxapeldun izan ziren. Garaipena, ordea, Iparraldeko bikotearentzat izan zen, Maritxu Housset eta Amaia Etxelekurentzat; egungo munduko txapeldunentzat, alegia.
Irazustabarrena, mundialerako prestatzen
Egindako markak nahikoa ez, eta lanean jarraitzen dute, gainera, palista hernaniarrek.
Irazustabarrena, Maider Huizi eta Miren Goikoetxea Sub22ko kontzentrazioan daude, irailean Palentzian jokatuko den mundialerako prestatzen. Abuztuaren 12an emango dute sailkatuen berri.