ERTZAINTZAK gizon bat atxilotu zuen ostiral goizean Hernanin, hamabi lagun kontraturik gabe lanean edukitzeagatik. Ertzaintzak berak jakinarazi duenez, ekaina erdialdean izan zuen Hernaniko Ertzain etxeak honen berri: «Ertzain etxeak jakin zuen lagun talde batek garaje partzela batean egiten zuela lana. Legez kontrako aktibitatea izan zitekeenaren zantzua zuten, eta ikerketa bat abiatzea erabaki zen».
Asteartean, kasuaren ardura zuten ertzainek garajera sartzeko pausua eman zuten, Eusko Jaurlaritako Gizarte Politika eta Enpleguko inspektore baten laguntzarekin: «bederatzi lagun ari ziren kautxuko piezekin lanean, eta hamahiru lanpostu zeudela ere, konturatu ziren. Egiaztatu zuten, baita ere, pertsona hauek garajean bertan egiten zituztela eguneko otorduak, osasun baldintza txarretan».
«Ez zuten kontraturik,eta Gizarte Segurantzanalta eman gabe zeuden»
Ertzaintzak argitaratu duen prentsa oharrean azaldu duenez, langileek ez zuten kontraturik, eta Gizarte Segurantzan alta eman gabe egiten zuten lana: «500-600 euro kobratzen zituzten hilean, astelehenetik larunbatera lana egiteagatik. Behar haundiak zituzten guztiek, eta gehienak gatazkaren bat bizi duten herrietatik etorriak ziren, Ukraniatik, esaterako».
Atxiloketa, ostiral goizean
Ertzaintzak jakinarazi duenez, ostiral goizean 46 urteko gizona atxilotu zuten Hernanin: «dirudienez, langileentzako lan karga hiru enpresetatik lortzen zuen, horietako bi Gipuzkoakoak, eta bestea Nafarroakoa». Atxilotua ostiral arratsaldean pasa zen epailearen aurretik.