lehenengo erronda egin du Udal taldea osatzen duen EH Bilduk, gainerako alderdiekin. Erronda hauen berri eman du, Kronikara bidalitako prentsa oharrean: «Orain Hernani, EAJ eta PSEko Udal ordezkariekin egin da lehenengo erronda hau, eta alde guztietatik adostasuna azaldu da elkarlanean aritzeko».
EH Bilduk dio, lehenengo erronda honetan Udal funtzionamendurako proposamena azaldu dietela gainerako taldeei: «programetan izan daitezkeen adostasun puntuak ere, azaldu zaizkie. Adostasun posibleek ekarri dezakete alderdi ezberdinetako ordezkariek parte hartzea Udal barruan, kanpoko erakundeetan eta baita herriko eragileekin batera ere».
Udal Batzorde eta kudeaketa guneetaz ere aritu dira aurreneko erronda hauetan: «azaldu zaie herrian martxan diren Kontseilu eta Batzorde ezberdinek Udal honetan duten garrantzia. Hernaniko Udalaren politika eta lehentasunak eztabaidatu eta adosten dira, herritar eta eragile ezberdinekin osatzen diren Jai Batzordean, Parekidetasun Kontseiluan eta Kirol Federatuaren Batzordea bezalakoetan. Herritarren foro hauek Udal funtzionamenduaren oinarri dira, hau da, EH Bildurentzat politika egiteko modua».
«Elkarrekin lana egiteko
aukerak daude»
EH Bilduren esanetan, talde ezberdinen programetan oinarrituta, herriarentzat onuragarri izan daitezkeen hainbat adostasun topatu dira: «adostasun horietatik abiatuta, elkarlanean aritzeko eta herritarrentzako hoberena izan daitekeena aukeratzeko aukerak daude. Kontuan hartuta noski, herritarren gehiengo batek EH Bilduren programa aurrera ateratzea bozkatu duela, eta programa hau aurrera ateratzeko adostasunek markatuko dituztela akordio posibleak».
«Lana egiteko baliabide
ekonomikoak eskatu dituzte»
Oharrean dio, hiru alderdiek lana egiteko baliabide ekonomikoak eskatu dituztela: «EH Bildu baliabide ezberdinak aztertzen ari da, euren lana era duinean egin eta aitzakiarik izan ez dezaten». Bestalde, EH Bilduk azaldu du bigarren erronda irailean egingo dela: «eskari zein programen zehaztasunetan aritzeko unea izango da».