98 urterekin hil zen Marcelo Usabiaga, ostegunean. Ordizian jaio zen Usabiaga, 1916an, baina Irunen hazi zen. Gerra Zibilean gogor borrokatu zuen, errepublikaren alde. Zauritu egin zuten, eta hortik Bordelera pasatzea lortu zuen. Han sendatu, eta berriz muga pasa zuen, Bartzelonara, errepublikaren alde borrokatzera. Madrilen ibili zen, Gironan, Valentzian... Harrapatu, eta kartzelan urte pila bat egin zituen, 1960 arte. Besteak beste, bera izan zen Burgosko kartzelan egon zen 1.000 komunistetako bat, baldintza ikaragarrietan. Handik ateratzean, Hernanira ezkondu eta bertan bizi izan zen. Semeak, Miguel Usabiagak, aitaren gerrako bizipenak jaso zituen La Joven Guardia nobelan.