«EH Bilduk lehen aldiz kalte ordain eskubidea onartu dio Fundazioari, dituen lurrengatik; urteetan, besteak beste, EAJk ukatua» hitzekin hasten du Astigarragako EH Bilduk, Kronikara bidalitako prentsa oharra. Oharrean azaltzen du, 2014ko urriaren 30ean onartu zela Anuska auzoaren hiritartze lanen lehen fasea: «urteetako utzikeriaren ondoren, hobetzeko asmotan. Ia proiektu guztia eremu publikoan aurreikusten bazen ere, 85m2 Kultur Etxearena eta inguruko eremuaren jabe den Fundazioko lurrei zegozkion».
Oharrean dio, proiektuari onarpena eman ondoren, Fundazioko bilkuretan aipatu zela gaia: «baita Fundazioko lehendakariorde eta idazkariekin izandako hizketaldietan ere. Beraz, ez da egia fundazioak ez zuela inolako informaziorik. Beste behin, EH Bilduren kontra egiterakoan, EAJri gutxi inporta zaio errealitatea». EH Bilduk dio, Fundazioarekin adostasuna ixteko tarterik gabe, desjabetza ekitea lehenetsi zela: «horrela behintzat, fundazioaren kalte ordain eskubidea onartua gera zedin».
«Ez al du EAJk ikusi Udalean dagoen espedienteak Fundazioko idazkariaren ‘jasota’ sinadura duela?»
EAJk bere hitzak beste baten ahotan jarri dituela dio EH Bilduk «bere burua ezkutatu nahian, eta noski, beste honen baimenik gabe. Hala ere, zergatik ez ditu hainbat gai argitu nahi izan prentsa ohar berean? Egia al da desjabetze espedientea Fundazioari jakinarazi gabe hasi zela? Ez al du Udalean dagoen espedienteak Fundazioko idazkariaren ‘jasota’ sinadura duela ikusi ala? EAJren ustez ez al dago desjabetze bati ekiteko beharrezkoa den interes publiko edo sozialik Anuskan? Gaur egun, Fundazioaren zenbat metro2 okupatu dira? 85m2 edo gutxiago? EAJren ustez Fundazioak 30.000 euro eskatzea zilegi da? gutxiegi ala gehiegi da? Proiektua onartu zen unetik ez al zen jakinarazi lurraren zatitxo bat ez zela publikoa?».
«Onartzen al du EAJk fundazioa likidatzen saiatu zirela?»
EH Bilduk dio, EH Bilduren udal gobernua izan dela bakarra Fundazioak bere lurrengatik duen kalte-ordainerako eskubidea onartu duena: «orain udal gobernuaren eginbeharra da adostasun batera iristea. Udal baten funtzionamendu eta eginbeharretan, beste munduko ezer ez».
Azkenik, EH Bilduk dio EAJren jarrerak lotsagabekeri maila guztiak gainditzen dituela: «asko du isiltzeko. Onartzen al dute aurreko urteetan eta birritan azpikeriaz, Fundazioko inorri jakinarazi gabe, Fundazioa bera likidatzen saiatu zirela, bere eraikin eta lurrak bereganatzeko?».