Datorren ostegunean hasiko dira, ofizialki, Santio jaiak. Baina herriko festetara korrika batean iristeko, beste hainbat ekintza ere izango dira aurrez, asteburu honetan bertan.
Astigarragako Herri Krosak emango die hasiera, larunbatean 17:30etan. 13garren edizioa izango da, eta bihar arte eman daiteke izena, www.herrikrossa.com web orrian, 6,5 euroan. Egunean bertan ere izango da aukera, Apeztegi plazan, 16:00etatik aurrera. 9,5 euro izango dira orduan. Ikatza tabernaren ondotik abiatuko dira korrikalariak, 7,3 kilometro egiteko.
Atariko emanaldia, gauean
Larunbatean bertan, gauean, eskainiko dute atariko emanaldia, herritar askok. Euskaldunak eta itsasoa ikuskizuna emango dute, musika, dantza, bertso, akrobazia, proiekzio eta abarrekin.
Emanaldian parte hartuko dute Aiztondo abesbatzak, Astigar dantza taldeak, Norberto Almandoz musika eskolak, Txirrixklako txistulariek, Herri Eskolako ikasleek eta hainbat herritarrek.
Errumaniako kultura ekarriko dute igandean
Igandean ere, izango dira beste hainbat erakustaldi eta emanaldi. Goizean, Trial Txapelketa jokatuko da Zarkumendegin.
Arratsaldean, berriz, kultura izango da protagonista. Eta hasteko, errumaniakoa: hango dantza, poesia, musika eta janaria ekarriko ditu Romaneasca taldeak, Joseba Barandiaran plazara.
Ondoren, Moon Fields eta The Romanticos taldeek joko dute beheko plazan bertan. Eta gauean, pelikula jarriko dute kalean, Foru plazan: La isla mínima.
AGENDA
UZTAILAK 18, LARUNBATA
17:30, Astigarragako XIII. Herri Krosa. Izenematea www.herrikrossa.com web orrian, bihar arte, eta egunean bertan Apeztegi plazan 16:00etatik aurrera. Sari banaketa 18:30etan, Joseba Barandiaran plazan.
22:30, Santio jaien atariko emanaldia, kiroldegian: Euskaldunak eta itsasoa. Aiztondo abesbatza, Astigar dantza taldea, Norberto Almandoz musika eskola, Txirrixklako txistulariak, Herri Eskolako ikasleak eta hainbat herritar.
UZTAILAK 19, IGANDEA
09:30, Astigarragako X. Trial Txapelketa, Pablo Leoneten oroimenez, Zarkumendegin.
17:00, Errumaniako poesiak, dantza erakustaldia, zuzeneko musikariak eta janari dastaketa, Joseba Barandiaran plazan.
18:00, II. Urumea Blues & Soul jaialdia: Moon Fields (Donostia) eta The Romanticos (Tolosa). Joseba Barandiaran plazan.
22:30, Kaleko zinema, Foru Plazan: La isla mínima (16 urtetik gorakoentzat).