Gau berezia izanen da gaurkoa Goizuetako bizilagunentzat: Karmen bezpera. Arratsaldetik iluntzera bitartean, herritarrek elkartzeko aitzakia bat baino gehiago izanen dituzte.
Hasteko, arratsaldeko 19:00etan, patata tortilla lehiaketa antolatu dute. Parte hartu nahi zuenak aldez aurretik eman behar zuen izena. Lehiaketan parte hartzen dutenek ordubete izanen dute tortilla egiteko. Plazan izanen da lehiaketa; eta eguraldi txarra eginen balu, Pilota plazan. Tortilla egiteko osagaiak Udalak jarriko ditu, eta hauek izanen dira: gatza, tipula bat, patata kilo bat eta 12 arrautza. Jakinarazi duten moduan, ez dute beste osagairik onartuko. Tresneriari dagokionean, partehartzaileek eraman beharko dute: zartaria, sua, olioa eta beharrezkoa duten beste edozein tresna.
Afarian, bakoitzak berea
Lehiaketaren ostean, afaria izanen da. 20:30etan hasiko da, eta bakoitzak bere otordua eraman behar du. Udalak berriz, ardoa, sagardoa eta umeentzako freskagarriak jarriko ditu; eta baita ere, afaltzeko beharrezkoak diren mahaiak, aulkiak eta plastikozko plater, baso eta kubiertoak.
Su artifizialak, afalostean
Afaldu eta gero, 21:30ak aldera, su artifizialak botako dituzte, gerturatu diren guztien gozamenerako.