Ikasturte berezia izango da 2015-2016ko Mirari Loyarte, Olatz Gonzalez eta Mikel Martin hernaniarrentzat. Izan ere, Amancio Ortega beka lortzeari esker, Ameriketako institutuetan egingo baitute Batxilergoko aurreneko maila, datorren ikasturtean.
Beka lortzeko, hiru fase
Mirari Loyartek Hernaniko Elizatxo ikastolan ikasi izan du 12 urtera arte, eta egun, Donostiako Axular Lizeoan ibiltzen da. Olatz Gonzalez, betidanik aritu da Axular Lizeoan ikasten. Mikel Martin, berriz, Hernaniko Urumea ikastolako ikaslea izan da, eta egun, Hernaniko Institutuan ikasten du.
Hiru ikasleek irakaslearen eskutik jaso zuten Amancio Ortega bekaren berri. «Esperientzia paregabea izango zela iruditu zitzaigun, eta horrelako aukerei ezin zaiela uko egin».
Horrela, beka lortzeko prozesuan sartu ziren. Aurrena, DBHko 3garren mailako notak aurkeztu behar izan zituzten; bataz besteko nota gutxienez 7,5koa izatea eskatzen dute, eta ingelesekoa, 8koa izatea. Horrez gain, aurreko ikasturtea kanpoan ez egin izana, eta beka eskatzean DBHko 4garren mailan egotea eskatu zieten.
«Ez dugu zalantzarik; esperientzia paregabea eta aberatsa izango da, arlo pertsonalean hazten lagunduko digu, eta ingelesa ere hobetuko dugu»
Espainiako Estatuko 6.000 ikaslek eman zuten izena, eta aurreneko fase horretan 1.200ek bakarrik egin zuten aurrera. Bigarren fasean, ingeles maila ezagutzeko idatzizko, entzumeneko eta ulermeneko probak egin zizkieten, eta 600 ikaslek egin zuten aurrera. Azken fasean, ahozko azterketa egin zieten.
Horrela, 200 ikasleri eman dizkiete bekak; horietako 13 Euskal Herriko ikasleak dira, eta azken horietatik 3, hernaniarrak.
Ikasturtea Estatu Batuetan eta Kanadan
Bekari esker, gastu guztiak ordainduta izango dituzte: hegaldia, eskolako matrikula, mantenua, asegurua...
Mirari Loyarte eta Mikel Martin Kanadara joango dira; Ternuara bata, eta British Columbiara, bestea. Olatz Gonzalez, berriz, Estatu Batuetan izango da, Ipar Carolinako Wake Forest herrian. Han dauden bitarten, bertako familien etxean biziko dira. Dagoeneko ezagutu dituzte, eta internet bidez hitz egin dute beraiekin. «Oso jatorrak dira», diote.
High School eskoletan egingo dute ikasturtea, grade 11 deiturikoa; hemengo Batxilergoko 1go mailaren baliokidea. Klaseez gain, gainera, hainbat talde eta klubetako partaide izateko aukera izango dute, eta ikasgai bereziak probatzekoa ere: drama, sukaldaritza, korua, psikologia, moda eta arropa, artea, antzerkia...
Esperientzia gogorra, baina aberatsa
Hiru ikasleek gogotsu eta ilusioz beteta ekingo diote bidaiari abuztuaren erdi eta bukaera aldera.
«Esan digute esperientzia gogorra izango dela; lehenengo hilabeteetan, batik bat. Baina ez dugu zalantzarik; esperientzia paregabea eta aberatsa izango da, arlo pertsonalean hazten lagunduko digu, eta ingelesa ere hobetuko dugu».
Handik, oroitzapen goxo eta esperientzia berriekin etorriko dira, 2016ko ekainean.