Amaia Irazustabarrenaren kirol ibilbideak ez du etenik. Asteburuan Europako Txapelketa izan da jokoan Toledon, eta Irazustabarrenak F30 modalitatean hartu du parte, Maider Mendizabal anoetarrarekin batera. Aurkariak ezagunak zituzten Irazustabarrenak eta Mendizabalek, eta lan askoren ostean lortu zuten ondo merezitako saria: Europako Txapelketa.
Txapelketa, bi partidura
Hiru bikotek jokatu dute txapelketa: Espainiako bi bikote onenek, eta Frantziako bikoteak. Denek denen kontra jokatu zuten txapelketan, hau da, formatu triangularrean. Irazustabarrena eta Mendizabalek larunbat goizean jokatu zuten estreinako partidua Frantziako bikotearen kontra, eta uste baino errazago nagusitu ziren: 15-2 eta 15-8. Larunbat arratsaldean, Nafarroako bikotea eta bikote Frantsesa izan ziren zein baino zein; eta kasu honetan frantziarrak izan ziren nagusi. Igande goizean jokatu zen hirugarren eta azken partidua: gipuzkoar eta nafarren artekoa. Lehendik ere, Espainiako Txapelketako finalean, elkarren kontra aritutakoak ziren, eta orduan bezala, orain ere Irazustabarrenak eta Mendizabalek irabazi zuten 15-13 eta 15-10.
«Gustura jokatu genuen»
Pozik egoteko nahikoa motibo badu berez, Irazustabarrenak: «oso pozik nago. Bagenekien aukerak genituela, baina partidu guztiak jokatu egin behar izaten dira. Gustura gaude egindako lanarekin».