Hitzarmena sinatzeko elkartu dira Hernaniko Karabeleko Ekonekazaritza Etxaldeko Iker Goikoetxea eta Donostiako Bodegon Alejandro jatetxeko Inaxio Valverde, eta bertan izan da, baita ere, Donostiako Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotzia, Aitziber San Roman.
Lankidetza hitzarmen honen bitartez, hainbat helburu lortu nahi dituzte: barazkigintza jasangarri eta ekologikoa sustatzea, Euskal Herriko tomate barietateen erabilera gastronomikoa sustatzea, baratzetan barietate berriak sartzea, hau da, biodibertsitatea bultzatzea, eta buruko gaixotasuna duten Karabeleko langileen laneratzea bultzatzea.
Euskal Herriko 3 tomate barietate bultzatuko dira: Pikoluze, Saint Michel eta Aretxabaleta.
Hiru barietate
Batik bat, Euskal Herrian tradizio berezia duten hiru tomate barietaterekin hasiko da lanean Bodegon Alejandro: Pikoluze, Saint Michel eta Aretxabaleta barietateekin.
Modu honetan, bertako produktua eta bere kultur balioa ezagutarazteko apustua egiten du Bodegon Alejandrok. Era berean, Karabelekon egiten den ikerketa lana bultzatuko da: «baratzezain, ostalari nahiz kontsumitzaileek ahaztuak dituzten espezien portaera aztertu, eta kalitate organoleptiko berri eta erakargarriak eskainiko dizkiguten barazkiak lortu».