«Hernaniko EH Bilduko udal taldeak bilera erronda bat abiatu du udaleko gainerako alderdiekin», jakinarazi du, prentsa oharrean, udal gobernu taldeak.
Aurreneko bilera Orain Hernani alderdiko ordezkariekin egin dute, eta hurrengoak bihartik aurrera egingo dituzte, PSE-EE eta EAJko ordezkariekin.
«Elkarlanean hobetuko dugu Hernani»
Udal gobernu taldeak gogorarazi du osaketa Plenoan azaldu zuela EH Bildu beste talde politikoekin lan egiteko prest egongo zela, udalean gehiengo osoa izan arren. «Hernaniar guztientzat eta hernaniar guztiekin elkarlanean hobetuko dugu Hernani».
Horregatik abiatu dute bilera erronda udaleko alderdi guztiekin, «alderdi ezberdinek egindako eskaerak aztertu, udaleko funtzionamendua nola izango den zehazten hasi eta alderdi bakoitzaren programak aztertu eta adostasunak bilatzeko».
«Ezinbestekoa da herritar, eragile eta alderdi politikoak elkarlanean aritzea»
Elkarlana, ezinbestekoa
EH Bilduk jakinarazi du, baita ere, «negoziaezineko bi oinarri» dituela: «hernaniar guztientzako lanean ari garela argi izatea, eta talde eta eragile ezberdinekin elkarlana eta foro ezberdinak mantendu, eta bertan hartutako erabakiak errespetatuko direla bermatzea. Horretarako ezinbestekoa izanik herritar, eragile eta alderdi politikoak elkarlanean aritzea».
Gobernu taldearentzat erabakiguneak dira udalak herriko eragileekin eta herritarrekin batera erabakiak hartzen dituen lekuak. Horregatik, parte hartzeko proposamena luzatuko die gainontzeko alderdiei, batzordeetan, udala kudeatzeko organoetan eta udalaz gaindiko erakundeetan.