Asteartean hasitako festari atzo heldu zioten berriro Martindegi auzoan, eta bihar arte ez du etenik izango.
Kalejira eta ekitaldia, bazkal aurretik
Goizeko 07:00etan kalejira egingo da auzoan, eta ondoren, lo kuluxkarako tartea izango da. 11:00etan ekingo diote ‘mobidari’ berriro, trikitixak lagunduta, baserriz baserri. Eta eguerdiko 13:00etan ekitaldi xume bat egingo dute goiko aristian. Auzo bazkariarekin bukatuko da goiza, 14:30etan.
Umeentzako puzgarri eta animaliak, arratsaldean
Bazkalondorenean, umeentzako puzgarriak jarriko dira 16:00etan, eta zezentxo eta zalditxoak ere atereako dira, 18:00etan. Ondoren, 19:30etan, Laiotz taldeak dantzatzeko eguneko aurreneko aukera emango du.
Abere dema eta dantza, gauean
Aurten ere ez du hutsik egingo gaueko abere demak; 23:00etan hasiko dira nor baino nor, Hernaniko Imanol Paollaren zaldia eta Ortzaikako Imanol Etxeberriarena. Hauek bukatzean, 00:00ak aldera, Laiotzek joko du berriro, eta gauak aurrera egin ahala, platano dantza lehiaketa xelebrerako tartea izango da; nor ote aurten, abilena?
Bihar, gehiago
Festak bihar bukatuko dira. Baina aurretik, goizean, Euskal Festa eta bertsolariak izango dira, eta, arratsaldean, trikitilari gazteen txapelketa, toka, bertsolariak eta dantzaldia.