Gizaki, animalia, landare eta gauzen arteko fusioak irudikatu ditu Griselle Morales artista kubatarrak, eta herritar guztientzat ikusgai jarri ditu, Ogi Berri kafetegian: «artea kalera atera behar da, eguneroko tokietara. Hori da modu eraginkorrena, jendearengana iristeko». Hurbiltzen denak, «fantasiazko mundu bat» aurkituko du koadroetako marrazkietan, baina aldi berean oso erreala: «espezie arraroak ikusiko dituzte, baina oso gertukoak ere badirenak».
Zeri buruzkoa da erakusketa?
Mutazioan oinarritzen da, jendea fusionatuz animalia, landare eta gauzekin, bizirauteko. Gizakiak aliantzak egin dituela, aurrera egiteko; abandonatuta zeuzkan buke eta trenekin, jaten zituen animaliekin, edota bere kasa lantzen zituen lore eta landareekin. Ideia hori da, gizakiak fusionatu behar izan duela, uste ez zuen elementuekin.
Zer aurkituko dute herritarrek, koadroetan?
Fantasiazko mundu bat, baina oso erreala. Metafora bat da, bakoitzak oso desberdin ulertuko duena. Izaki arraroak ikusiko dituzte, baina aldi berean oso gertukoak. Eta erakusketak dio, berez hain garrantzitsuak iruditzen ez zaizkigun gauzak, momentu batean hil ala bizikoak izan daitezkeela. Dena den, artistak zentzu batean egiten du, baina gero jendeak beste zentzu batean ulertzen du. Eta hala behar du. Koadro baten aurrean, ez duzu pentsatu behar artistak zer esan nahi zuen. Zure begiekin begiratu, eta jasotzen duzun horrekin geratu behar zara.
Nondik ideia?
Artearen munduan, zerbait egiten duzunean, pixka bat autobiografikoa izaten da. Nik, Euskal Herrira etortzean, egokitu behar izan nuen, eta hein batean, abandonatuta neuzkan gauzei heldu behar izan nien berriro. Marrazkiak egiteari, esaterako. Urteak ziren ez nuela marrazten, eta proiektu bati esker berriz hasi, eta ikusi nuen bidea egin nezakeela hortik. Birziklatu behar izan nuen.
«Artea kalera atera behar da, eguneroko tokietara. Horregatik jarri dut kafetegian, jendearengana iristeko».
Zergatik kafetegi batean?
Artea denentzat dela diote, baina denak ez dira galerietara joaten. Horregatik, kalera atera behar da artea, eguneroko tokietara. Eta horregatik jarri dut kafetegian, jendearengana iristeko. Orain, argazkilaritza dago modan, eta beldurra neukan, ea nire koadroak gustatuko zitzaizkien. Baina oso harrera ona izan du, eta ikusmin haundia sortu du gaztetxoen artean.
‘Mutatio’ proiektuaren barruan dago erakusketa.
Hori da. Helburu nagusia, ezagutzera ematea da, jendeak ikustea zer egiten dudan. Horretarako, webgunea ere garatu dut, www.mutatio.hol.es, nire buruaren berri emateko. Eta joku bat ere badago, fusioekin zerikusia daukana: gizakiak, animaliak, landareak, trenak edota bukeak azaltzen dira, eta elkartuta, hibridoak sortzen dira jokuan. Proiektu honen baitan, gauza asko egin nahi ditut, marrazki gehiago egin, diseinuak garatu...
Mundu osoan zehar jarri dituzu erakusketak, ezta?
Kuban bizi nintzenean, leku askotan jarri nituen erakusketak: Kubako toki askotan, Brasilen, Mexikon, Suitzan, Espainian... Eta Euskal Herrira etortzean ere, berehala jarri nuen bat, Gehituren Donostiako egoitzan. Baina lan ezberdinak egiten hasi nintzen, eta pixka bat alde batera utzi nuen. Lehen, nire lana zen, nire eguneroko bizitza. Orain, ordea, paroan nagoen bitartean lantzen dut. Eta diseinu grafikoa ikastera ere animatu naiz. Eskuekin abila izan naiz beti, baina ordenagailuekin ez. Hasieran, oinarrizkoena ere ez nekien egiten! Eta orain adiktoa naiz. Ikusi dut, eskuekin lan egiten duenak, ez daukala zertan ordenagailuena baztertu.