Urte hasieran jarri zuen martxan Ganbo Iturrik, Elkarbizi ekimena, Buruntzaldean. Helburua da elkarbizitza eta bakearen alde lan egitea, eta bide horretan, hainbat hitzaldi eta mahai inguru antolatu dituzte.
Horrekin lotuta, beste proiektu bat jarriko dute martxan orain, hemendik urte bukaerara bitartean lantzeko: MemoriaLab. Larunbatean aurkeztuko dute Lasarte-Orian, eta partehartzea librea izango da. Izenematea irekita dago.
Hiru galderari erantzunak bilatzeko saiakera, etzi
MemoriaLab proiektua Gernika Gogoratuz taldeak prestatu du, eta larunbateko topaketan izango dira elkarte horretako kide diren Andreas Schäfer eta Alex Carrascosa. Talde hori 1987an sortu zen. Aurretik, Eusko Legebiltzarrak adostu zuen Gernikan bakearen aldeko ikasketa zentro bat sortzea, bonbardaketa gogoratzeko. Era berean, Alemaniako Legebiltzarreko Petra K. Kelly diputatuak lore sorta bat ezarri zuen Gernikako Arbolaren azpian, bonbardaketako biktimen oroigarri.
Larunbat honetan, goizeko 11:00etan egingo da aurkezpena, Ganbo Iturrik Lasarte-Orian duen egoitzan.
Bertan, hiru galdera erantzutea izango da asmoa. Aurrenekoa, iraganari buruzkoa: zer gertatu da? Bestea, orainaldikoa: zer ikasi dugu iraganetik, orainean lagungarri zaiguna? Azkenekoa, berriz, etorkizunari begira izango da: zertan eta nola egin dezakegu bizi eta lan, aniztasunetik?
Izenematea, zabalik
Topaketa horren asmoa da indarkeria politikoaren eta giza eskubideen urraketaren inguruan aritzea, eta partehartzea irekia da.
Hala ere, aldez aurretik izena emateko eskatu dute. Horretarako, idatzi ganboiturri@gmail.com helbidera.