Gaur eta bihar Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratu beharko dute 14 euskal presoren senidek, eta tartean dira bi hernaniar; Marta Igarriz eta Baldo presoen senideak.
Etxerat elkarteak elkarretaratzea deitu du prozesu honen aurrean protesta egiteko, gaur eguerdiko 12:00etan, Donostiako probintzia auzitegiaren aurrean.
«Oso arraroa izan da dena»
Ana Igarriz, Marta Igarriz preso hernaniarraren ahizpak Kronikari azaldu dionez, aurrena Guardia Zibilaren deia jaso zuten, esanez, Igarrizen amak Intxaurrondoko kuartelera deklaratzera joan behar zuela. «Oso arraroa izan da dena. Uko egin genion, eta deklaratzekotan, epailearen aurrean egingo genuela azaldu genuen».
Horren ondoren, maiatza-ekaina aldera zitazio formala jaso zuten, Auzitegi Nazionalera joateko. «Ama deitu zuten, baina osasun arazo batzuk alegatuta, onartu zuten ni joatea».
«Susmoa daukagu abokatuen kontra erabiltzeko deitu gaituztela»
Igarrizek eta Baldoren anaiak gaur goizean deklaratuko dute, beste 12 seniderekin batera. Gaur deklaratzen ez dutenek, bihar egin beharko dute.
«Esan, ez digute egin. Baina susmoa daukagu abokatuen kontra erabiltzeko deitu gaituztela», azaldu du Igarrizek.
Sortu ere elkarretaratzera
Hernaniko Sortuk jakinarazi du Etxeratek deitutako gaurko elkarretaratzearekin bat egingo duela.