Goizueta azpitxapeldun, zazpi tantogatik

Kronika - Erredakzioa 2015ko uzt. 6a, 02:00

Festa eguna izan zen atzokoa goizuetar guztientzat, urte askoren ostean, berriz ere He­rriarteko finalean baitziren. Iruñeako Labrit pelotalekuan jokatu zen final haundia, eta Esteribar taldea izan zen nagusi. Gogor borrokatu behar izan zuten ordea garaipena; finala oso berdindua joan zen, eta zazpi tantoengatik egin zien ihes txapelak.
Joanes Apezetxea eta Beñat Apezetxea anaiek jokatu zuten estreineko partidua. Urdurita­su­na zen nagusi, eta apezetxeatarrek ez zuten duten onena erakutsi. 18-4 galdu zuten.
Bigarren partiduan, Aitor Aizkorbe eta Antton Ape­ze­txeak jokatu zuten. Partidu ona izan zen; peloteoan izan zu­ten lana goizuetarrek, baina lan askoren ostean, 18-8 irabazi zuten.  
Hirugarren partidua Iker Salaberria eta Joni Sala­be­rriak jokatu zuten. Ligaxkan irabaztea lortu bazuten ere, atzokoan ihes egin zien garaipenak. Esteribarreko bikoteak taktika ondo ikasita jokatu zuen, eta ez zion Ikerri partiduan sartzen utzi. 22-7 galdu zuten.
Azken partidan edozer ger­ta zitekeen. Oier Ape­zetxeak eta Ekaitz Narbartek jokatu zuten, eta 22-11 nagusitu ziren. Aipa­tzekoak dira, Apezetxeak egindako azken bi partiduak, maila oso ona eman baitu bietan.

Zazpi tantogatik, Esteribar txapeldun
Lau partiduak jokatuta, bina partidu irabazi zituzten talde bakoitzak. Gauzak horrela, tanteoa izan zen kontuan, eta zazpi tantoko aldegatik, Es­teribarrek jantzi zuen txapela.

Hiru autobus, Goizuetatik
Baloratzekoa da, hainbeste urteren ostean, Goizueta berriz ere finalera iritsi izana. Hiru autobus gerturatu ziren Labritera, eta bertan bizitutakoa ez dute berehalakoan ahaztuko. Angel Salaberriak Goizuetako pelotari guztiak zo­rion­du nahi ditu, eta eskerrak eman txapelketa osoan eta finalean jarraitu dieten herritarrei..

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!