Espainiako Auzitegi Nazionalak euskal preso politikoen hamalau senide deitu ditu deklaratzera astearte eta asteazkenean. Madrilen izango dira deklarazioak, eta tartean dira bi senide hernaniar. Sortuk honen inguruko prentsa oharra bidali du Kronikara, eta bertan dio, senideek ez dakitela zein den zitazio hauen arrazoia: «arrazoia zehatz mehatz ez badakite ere, senideen susmoa da euskal presoen abokatuen aurka jo nahi dutela deklarazio hauek baliatuz».
Elkarretaratzea, Etxeratek deituta
Sortuk jakinarazi duenez, Etxeratek elkarretaratze nazionala deitu du Espainiako auzitegiaren jokabidea salatzeko. Elkarretaratzea 12:00etan izango da, Donostiako probintzia auzitegiaren aurrean.
«Elkartasuna adierazi nahi diegu senideei eta bereziki deklaratu behar dutenei»
Prentsa oharraren bidez, Hernaniko Sortuk elkartasuna adierazi nahi die senideei: «elkartasunik zintzoena adierazi nahi diegu, bereziki deklaratzera deitutakoei, eta zentzugabekeria honi erantzuteko mobilizazioetan parte hartzeko gonbitea luzatzen dugu».
Gatazkaren konponbideari oztopoak jartzen ari direla dio Sortuk: «Izan ere, gure herrian irekita dagoen bideari arnasa eman beharrean, honelako zitazioek egiten duten bakarra da gatazkaren konponbideari oztopoak jartzea. Dei egiten dugu egoeraren aurrean erantzun ez ezik, gatazka gainditzeko proposamenak eta elkarlana aldarrikatzera».