Finala irabaztera atera ziren Amaia Irazustabarrena hernaniarra eta Maider Mendizabal anoetarra; garaipena ordea, Iparraldeko bikotearentzat izan zen, Maritxu Housset eta Amaia Etxelekurentzat. Frantzian antolatzen den Femina Tour txapelketara momentuko bi bikote indartsuenak iritsi ziren: Irazustabarrenak eta Mendizabalek ondo merezita lortu zuten finalerako pasea; eta Iparraldeko bikotea da egungo munduko txapelduna.
Bigarren seta, klabea
Finalaren aurretik, bikote gipuzkoarrak bazekien partidu gogorra izango zutela aurretik, eta klabea non egon zitekeen ere, aztertuta zuten. Ostiralean ordea, beroa izan zen klabea. Txapelketa eta finala set sistemarekin jokatu zen, hiru irabazten zituenak lortzen zuen garaipena.
Aurreneko seta Iparraldeko bikotearentzat izan zen. Partiduko gakoa bigarren seta izan zen. Irazustabarrena eta Mendizabal aurretik ziren, 7-9 (10era jokatzen dira). Zailena egina zutela ordea, ihes egin zien garaipenak. Beroa, hezetasuna, haize falta eta palari tinko eusteko zituzten zailtasunak aipatzekoak izan ziren. Iparralde 2-0 aurretik zen, hirugarren seta hasi zutenean. Oso berdindua joan zen, eta Iparraldekoak modalitate hau ondo ezagutzea nahikoa izan zen seta irabazi, 3-0ekoarekin, txapeldunak izateko. Gipuzkoako bikoteak joan den urtean izan zuen aurreneko hartu-emana modalitate honekin; Pauen 36 metroko pelotalekuak dituzte.
Partiduak partidu, Kronikari Irazustabarrenak aitortu zion moduan, finalera iristea eta munduko txapeldunen kontra aritzea izan da Femina Tourreko saria.