Saharako istorio bat izango da Doberaren ipuin faktoriaren bigarren lana. Abdi Ami Omar margolari sahararrak kontatua da ipuina, eta berak egingo ditu marrazkiak ere. Gainera, asmoa da udaran etortzen diren ume sahararrek ipuin bana jasotzea, eta horretarako, laguntza behar da. Bi modu daude: batetik, 30 euroko partizipazioak erosi, eta trukean, ipuin bat jaso, beste bat haur saharar bati oparitu, eta ipuinean lelo bat jartzeko aukera; eta bestetik, dirua ingresatu, kontu korronte honetan: 2100 2403 81 0200139836 (La Caixa). Informazio gehiagorako, jarri harremanetan Doberarekin.
Saharako ipuin bat argitaratuko du Doberak. Zer iruditzen zaizu proiektua?
Oso proiektu interesgarria da. Bi kultura salbatzeko modu bat da, historian zehar transkulturalizazioa jasan dutenak; solidario izateko modu bat. Eta ipuinean kontatuko direnak, oso istorio interesgarriak dira. Ahaztuta daude, eta proiektu honekin berreskuratu daitezke.
Zuk kontatua da ipuina. Zeri buruzkoa da?
Chertat pertsonaia fiktizioa da protagonista, oso pertsonaia ezaguna Saharan. Barregura eragiten du Chertatek, bere izena entzuteak irrifarrea jartzen dizu ezpainetan. Umeek asko maite dute, eta Chertat bera, heldua izan arren, pentsaera infantilekoa da. Edozein sahararrek daki istorioren bat Chertati buruz.
Eta ipuinean, zer gertatzen zaio Chertati?
Lehoiarekin tratua egingo du, bera delako animalia nagusia, eta erraztasuna duelako ehizatzeko. Eta haragiaren truke, Chertatek ura emango dio. Elkartruke justua da. Gero, tratu horrek Chertati ekarriko diona kontatzen du ipuinak. Tximua ere sartuko da tartean, biak elkarren kontra jarriz...
Animalia gehiago ere azalduko dira.
Bai, asko. Ostruka, basamortuko tigrea, koiotea, hiena, elefantea... Guztiak, garai batean Saharan bizi zirenak, eta egun desagertuta daudenak. Animalia bakoitzak izaera bat islatuko du ipuinean.
Zuk egingo dituzu ipuinaren marrazkiak.
Bai, aurreneko esperientzia dut ipuin bat ilustratzen. Nire koadroetan bezala, koloreak izango dira marrazkien ezaugarri nagusia. Eta gainera, aurreneko aldia da norbaitek Chertat marrazten duena. Ipuin honetan azalduko da estreinakoz.
Zer islatuko dute ipuinak eta marrazkiek?
Saharako ohiturak, tradizioak, jendearen izaera... Bidan kultura islatuko dute, saharar eta mauritaniar kultura. Desertuan bizi direnak, beduinoak, oso jende noblea dira, eta edozein hartzen dute etxekoa bezala.
Udaran etortzen diren haur sahararrei, ipuin bana ematea proposatu zenuen.
Opor berezi batzuk pasako dituzten haurrak dira, eta zein umek ez du ipuin bat eduki nahi, gainera bere kulturakoa. Oso pozik eramango dute bere kanpamenduetara bueltan, denei erakutsiko diete: ‘begira, Chertaten ipuin bat, Euskal Herrian egina, inprimatua eta oparitua’.
Zeinentzako modukoa da?
Haurrek zein helduek irakurriko dute ipuin hau, eta Saharan, ziur nago eskuz esku pasako dela, milaka lagunek irakurriko dutela. Eta beharbada, Mauritaniara ere iritsiko da. Ipuin hau izango da pakea, armonia eta elkartasuna.