Iritsi dira Hernanira, Saharatik uda pasatzera etorri diren lau neska-mutilak. Ekainaren azken egunetan iritsi ziren eta abuztuaren 28-29an itzuliko dira Saharara. Beraz, urtero bezala bi hilabete emango dituzte Hernanin. Umeak Euskal Herrira ekartzearen helburuak bi izaten dira: batetik, umeen osasuna hobetzea, indartuta itzultzen baitira Saharara; eta bestetik, bertan duten egoera politikoaren berri ematea.
Harrera gaur, Udalean
Umeak aste hasieran iritsi ziren, eta herria eta familiarekin egun batzuk pasa eta gero, Udalak gaur egingo die harrera. Alkatea eta Udaleko beste hainbat ordezkari izaten dira bertan, eta Saharako ume zein harrera familientzat ekitaldi berezia izaten da; ondoren, merendola goxo-goxoa izaten dute. Harrera 12:00etan da, eta irekia da.
Hiru neska eta mutil bat
Hernanira etorri diren lau umeetatik hiru neskak dira, eta bakarra mutila. Uztaila eta abuztuan zehar Udalak antolatzen dituen udalekuetan hartuko dute parte, goizeko 09:30etatik eguerdiko 13:00etara; eta beraiekin egongo da eskarmentu haundia duen Maialen Torres begiralea. Egun osoko irteerak egingo dituzte Igeldora, irlara, arrauna edo surfa egitera... Urarekin erlazioa duten ekintzak oso estimatuak izaten dituzte.