Legegintzaldiko aurreneko Plenoan bildu ziren udal ordezkari guztiak, astearte arratsean; bertan aztertu zituzten udalaren funtzionamendurako erabakiorrak ziren zortzi puntu.
Puntuz puntu Plenoa aztertzen hasi aurretik, Alkateak azaldu zuen erabaki hauek behin behinekoak izango direla, eta irailetik aurrera moldatzeko aukera izango dela, alderdi politikoen artean eztabaidatu ostean. EAJko Andoni Amonarraizek erantzun zuen, jasotako korreoa egokiagoa izango zela San Joanen aurretik jaso izan balu «izan ere, hala, Pleno hau definitiboa izango zen. Hala ere, ongi etorria izan zen. Erabakietan abstenitu egingo gara, negoziazioetan akordioetara iristearen aldekoak baikara». Alkateak erantzun zion, inbestidura Plenoan aipatu zela erronda San Joanen ostean egingo zela, eta irailetik aurrera egingo zirela moldaketak. PSE-EEko Ricardo Crespok ere, abstenitu egingo zirela azaldu zuen, eta espero zuela Alkateak hartutako konpromisoarekin jarraitzea, eta irailean zerbait moldatu beharko balitz, moldatzea.
Alkatearen erabakien berri, aurreneko puntuan
Aurreneko puntuan, ekainaren erdialdean dekretu bidez onartutako hainbat punturen inguruan informatu zuen Alkateak. Bertan azaldu zuen Koro Etxeberria, Xabi Lertxundi eta Esti Aldeiturriaga izango direla Gobernu Batzarreko kideak. Alkateordeen zerrendan ere, izen berak aipatu zituen, orden bera mantenduz. Aipatu zuen baita ere, bera, Alkatea, dedikazio osoz ariko dela lanean. Eta dedikazio partzialean ariko direla Xabi Lertxundi %65arekin, Esti Aldeiturriaga %50arekin, eta Mattin Aldaia %20arekin. Behin behineko langileen izendapenetan aipatu zuen, Ainitze Genua izango dela Alkatearen idazkaria, Araitz Aira komunikazio arduraduna eta Andoni Pikabea udaltzainburua; hiru hauek lanaldi osoz ariko dira lanean.
Pikabearen izendatzearen inguruan, PSE-EEko Crespok azaldu zuen, bere ustez aukeraketa hori barne prozesu baten ondorena izan beharko litzatekeela. Alkateak erantzun zion, legegintzaldi honetan badutela aztertzeko asmoa.
Talde politikoak eratu eta proportzionaltasuna bozkatu
Bigarren puntuan talde politikoak eratu zituzten: EH Bilduko bozeramailea Luis Intxauspe, EAJkoa Andoni Amonarraiz, Orain Hernanikoa Jaione Aristregui eta PSE-EEkoa Ricardo Crespo. Batzorde Informatzaileetan parte hartzeko proportzionaltasunari dagokionean, EH Bilduren proposamena izan zen: EH Bilduk 4 ordezkari, EAJk 2, Orain Hernanik 1 eta PSE-EEk 1. Ongintzarako aldiz, zazpi ordezkari behar direnez, proposamena izan zen: EH Bilduk 4 eta gainerako alderdiek 1.
EAJko Amonarraizek azaldu zuen berak baduela beste proposamen bat, «arrazionalagoa dena», baina alderdi politikoen arteko eztabaidarako utziko zuela, eta hitz egin zutela. Alkateak erantzun zion hau dela EH Bilduren planteamendua eta helburua dela martxan jartzea, eta ondoren, adostasunetara iristea. Amonarraizek botoak ponderatzeaz hitz egin zuen, hau da, alderdi bakoitzak ordezkari bat izatea, baina botoek alderdi bakoitzak dituen zinegotzi adina balio izatea. Alkateak erantzun zion hori aurreko legegintzaldian ere aipatu zela, eta juridikoki ezin dela. Orain Hernaniko David Giradok hartu zuen hitza, eta aipatu zuen bere alderdia abstenitu egingo dela, kontuan izanda, Plenoan hartzen ziren erabaki hauek probisionalak zirela. Bigarren puntuan EH Bilduren aldeko botoekin onartu zen; gainerako alderdiak abstenitu egin ziren.
Batzorde informatzaileak, sortuta
Hirugarren puntuan hamaika batzorde informatzaile sortu ziren, EH Bilduren aldeko botoekin, eta oposizioaren abstentzioarekin: Antolakuntza eta pertsonala, Ogasuna eta ondarea, Hirigintza eta ingurumena, Euskera, Hezkuntza, Kultura, Tokiko garapena, Jarduera fisikoa eta kirola, Politika sozialak, Zerbitzu publikoak eta Administrazio orokorra.
Kontratazio mahaiaren eratzea
Kontratazio mahaia Xabi Lertxundik eta Alkateak osatzea izan zen EH Bilduren proposamena, eta beti ere, irailetik aurrera hitz egin eta adosteko aukerarekin. PSE-EEko Crespok eskatu zuen oposizioak presiditzea. Orain Hernaniko Jaione Aristreguik eskatu zuen talde guztiak egotea kontratazio mahaiean. Alkateak esan zuen aktan jasoko dela eta aztertzeko gaia izango dela. EH Bilduk alde bozkatu zuen, eta gainerako alderdiak abstenitu egin ziren.
Ordezkariak izendatuta, erakunde ezberdinetarako
Erakunde ezberdinetan Udalbatzak izango dituen ordezkariak ere izendatu zituzten astearteko Plenoan. Ongintza Patronatua, Añarbe eta San Marko Mankomunitateak, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza, Udalbiltza, Euskal Fondoa, Aiako Harriak, Behemendi, Beterri Kostako Industrialdea eta Garbitania Zero Zabor dira erakunde horiek. EH Bilduk egindako proposamenarekin blokean onartu ziren ordezkariak. Eta kasu honetan ere gogoratu zuten, irailean izenen bat aldatu behar bada, izango dela horretarako aukera.
Ongintza Patronatua eta Plenoen maiztasuna
Osasun eta Gizarte Ongintzarako Udal Patronatuko Lehendakaria Xabier Lertxundi izatea onartu zuten seigarren puntuan, EH Bilduren aldeko botoekin.
Zazpigarren puntuan, Plenoen maiztasuna adostu zuten, aho batez. Orain arte bezala, hilabeteko azken astearteetan izango dira, 19:00etan hasita. Eta jai eguna bada, hasiera batean, hurrengo egunean.
Alkatearen eta liberatuen soldatak igotzea, onartuta
Azkeneko puntuan Udaleko kideen soldatak, asistentzia eta dietak, eta udal talde politikoentzako diru kopuruak onartu ziren. EH Bilduk proposatu zuen moldaketa bat egitea Alkate eta zinegotzi liberatuen soldatetan. Azaldu zutenez, EH Bilduk herriaren tamainaren araberako kopuruak aldatu ditu, eta Hernani horietara egokitu du. Bestalde, ziurtatu nahi dute Udaleko lanen bat egiteko bere lana uzten duten zinegotziei aurretik zituzten baldintzak ez okertzea. EH Bilduren iritziz, Hernaniren tamaina duten herriek gehienez 4 liberatu izango dituzte, jardun osoan. Bestalde, proposatu zuten liberatzeko gutxieneko jarduna %20koa izatea. Horrez gain, Udal talde politikoentzako zeuden kopuruak mantendu egingo dira eta asistentzia dietarik ez da egongo.
PSE-EEko Crespok esan zuen, gustatuko litzaiokeela Lasarte oinarri hartzea, eta alderdi politiko bakoitzak liberazioa izatea. Orain Hernaniko Aristreguik ere gauza bera eskatu zuen, liberazio osoa edo erdia izatea alderdi politiko bakoitzak. EAJko Amonarraizek proposatu zuen gainerako Udaletan fijatzea.