410 haur gaurtik, jolasean eta euskeraz

Kronika - Erredakzioa 2015ko uzt. 1a, 02:00

Herriko txikienei iritsi zaie udaz gozatzen hasteko gara­ia. Eskola egunak atzean utzi, eta gaurtik aurrera, 410 haur ibi­liko dira hiru astez uda­leku ire­kietan. Abestu, jolastu, tai­lerretan parte hartu, lagun be­rriak egin... goiz pasa ederrak dituzte aurretik, neska-mutilek. 28 taldetan banatuta ibiliko dira, eta 64 begirale izango dituzte. Udaleku ire­kiak uztailaren 24ra arte izan­go dira, goizeko 09:30etatik eguer­diko 13:00etara, eta adi­naren arabera, puntu jakin batetik abiatuko dira: HH1 eta 2ko haurrak Atsegindegitik; HH3 eta LH1eko ikasleak Biteritik; LH 2 eta 3koak Tilosetatik, Urumea paretik; eta LH4koak Tilosetatik, baina Kioskoaren atzeko aldetik.
Urteroko legez, denetatik egiteko aukera izango dute hiru aste hauetan: altxorraren bila, txotxongiloak, tailerrak, jolasak... Eta nola ez, hain estimatuak diren ekitaldiak: San Fermin eguna, igeri­le­kuetara irteera, ur festa... 

Gaztetxoak, astelehenetik
Kirolaz eta euskaraz gozatzeko aukera ere izango dute herriko gaztetxoek aurten. LH 5 eta 6 mailetako 108 gaztetxo ibiliko dira aurten, bost taldetan banatuta, 11 begiralerekin. Astelehenean hasi, eta uztailaren 24ra arte izango dituzte, hauek ere, uda­lekuak. Egunero ordu eta leku berean dute hitzordua: 09:15­etan, kirol­degiko fron­toiko es­kaileretan. Udalekuak eguerdiko 13:00ak bitartean izango dira, eta aurten ere, kirol ugari praktikatzeko aukera izango da: eskalada, piragua hondartzan, errugbia, ur parkea, orientazioa, btt, atletismoa...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!