Auzitegi Nazionalak emandako epaia berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak; ehundik gora herriko taberna konfiskatzeko agindua eman du eta urtebete eta hiru hilabete eta urtebete eta hamar hilabete arteko kartzela zigorra ezarri die hogei laguni. Tartean da Astigarragako Zipotza elkartea, eta astelehenean asanblada egin zuten, egoeraren berri emateko.
Asanblada horretan erabaki zen batzorde bat sortzea, prozesuari jarraipena egin eta aurrerantzean nola erantzun erabakitzeko. Hain zuzen, bihar egingo da batzorde horren aurreneko bilera, arratsaldeko 19:30etan Zipotza elkartean bertan, eta bertara azaltzeko deia luzatu diete herritar guztiei.
«Egoera larria da»
Asteleheneko asanbladan egoera juridikoaren irakurketa egin zuten: «egoera larria da. Dena airean dago. Ez dago jurisprudentziarik; Eginekin gertatu zena da adibide bakarra. Edozein momentutan eman dezakete agindua, lokala prezintatzeko».
Era berean, Dignidad y Justiciaren sententzia argitzeko eskaera ere tartean da, behin sententzia beteta, zer gertatuko den argi uztea eskatzen duena. «Hala ere, elkarteak ez du izaera juridikoa galdu, eta jarraitu dezake ekintzak antolatzen».