Txapela jantzi du Gorrotxategik, Pagazpe taldearekin

Kronika - Erredakzioa 2015ko eka. 30a, 02:00

Txapeletako bat Hernanira ekarri du Aitor Gorrotxategik, Berria Txapelketan, Usurbilgo Pagazpe taldearekin finala irabazita. Erabakigarria izan zen hernaniarra, gainera. Kadeteetan usurbildarrek irabazita eta Markinak gazteen mailan, nagusien partiduak erabakiko zuen txapelduna, eta eroso irabazi zuen Gorro­txa­tegik, Santxo usurbildarra lagun, Pujana eta Kastilloren kontra (22-10).

Partidu erabakiorra irabazi zuten Santxok eta Gorrotxategik, Berria Txapelketa Pagazperi emateko.

Pelotazalez bete ziren Her­naniko frontoiko harmailak, finalaz gozatzeko. Eta emozioa ere ez zuen falta, nahiz eta hasiera ez zen oso lehiatua izan. Oso erraz irabazi zuen Pagazpek kadete mailan, Ex­po­sito eta Arangurenekin (22-4), eta kontrakoa gertatu zen gazteetan, emaitza berarekin nagusitu baitziren Markinako Arrizabalaga eta Urizar.

Garaipen erosoa nagusietan, Gorrotxategik eta Santxok
Gauzak horrela, nagusien partiduak erabaki zuen finala, eta pronostikoak bete zituzten Pagazpeko Santxok eta Gorro­txa­tegik. Indartsu hasi zen aurrelari usurbildarra, dejada eta gantxo politak bukatuz, eta berehala hartu zuten aldea Pagazpekoek (11-3).
Gero, markagailuan gerturatzea lortu zuten Pujanak eta Kastillok (13-8), atzelariak biak, baina oso serio aritu zen Gorrotxategi, atzeko koadroetan nagusi, eta aukerarik ez zieten eman. Azkenean, 22-10 nagusitu ziren, eta Pagazpe taldeari eman zioten XII. Berria Txapelketa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!