MENDIRIZ MENDI
Hurrengo irteera uztailaren 4an, larunbatean egingo dugu Mendiriz Menditik, eta izena emateko aukera dago gaur eta ostegunean. Ganbo mendira joango gara, baina gauez. Ibilbide hau egunez nahiko ohikoa da eta seguru gaude askok egina izango dutela. Txindokitik nahiko hurbil dagoen gailurra da eta bertara igotzen den jendetzatik ihes egin nahi duenak mendi hau aukeratzen du.
Gure artean gauez eginiko ibilbideak ez dira hain ohikoak, ez ordea beste hainbat lekutan. Udaran, beroagatik, egunez mendira irtetea eromena izaten den tokietan ohikoak izaten dira horrelako irteerak.
Gauez, beste sentsazio bat
Gauez ibiltzerakoan jasotzen den sentsazioa beste bat da. Urrutirako ikusmenak ez duenez balio, inguruko paisaiak garrantzia galtzen du eta norbanakoa bere “barne munduan” murgiltzen da. Frontalak emandako argiak eskaintzen duen mundu mugatu horretan kontzentratzen zara. Gaueko isiltasuna lagun dugula, entzungo ditugun soinu bakarrak geuk eta gurekin batera igoera egiten ari direnen arnasestuak izango dira. Hala ere, lasai. Gauez ibiltzeak ere ez du zailtasun berezirik. Apurka apurka “trukua” hartzen zaio eta azkenean eroso sentitzera irits gaitezke.
Ganbo baino lehenago Alotzako zelaia pasa behar da. Leku hau izugarria da. Belar leun eta motz batez osatutako lautada txiki bat da. Belarraren leuntasunak alfonbra baten gainean zoazenaren sentsazioa ematen du. Normalean oso mendizale gutxi igarotzen denez, bertan bakea zer den primeran bizi eta senti daiteke. Gauez are gehiago. Dena den, leku honek ere badu bere arrisku txikia. Behe laino itxiarekin erraz galtzen zaren toki horietako bat da eta beraz, horrelako egunetan iparrorratza edota GPSa behar beharrezkoak izaten dira.
Alotzako zelain “Alotzako Saltarria” izenarekin ezagutzen den monolitoa dago, bidetik metro batzuk eskuinera. Gauez ez dakit aurkitzeko gai izango garen, baina eroritako menhir bat da. Luzeran 4-5 metro izango ditu eta ohitura omen da alde batetik bestera salto batez gainditzen saiatzea.
Ilargi betea ostegunean denez, irteera egingo den gauean, zerua oskarbi bada, ilargi beteaz gozatzeko aukera izango da eta, agian, tarte luze batean frontalik gabe igotzeko aukera egon daiteke. Bidean hiru iturri topatuko ditugunez, ez da beharrezkoa ur gehiegi eramatea gainean.
Larraitzetik abiatuta
Larraitzetik atera, eta pistari jarraituko diogu, Txindokira igotzen den ohiko bidetik. Lehenengo bidegurutzean ezkerrera egin behar da, eskuinera doan pistak Ausa Gaztelura eramaten baitu. Pinudi baten alboan metro batzuk igotzen dira eta pinudia atzean utzita, Oria iturrira iritsiko gara.
Oria iturritik aurrera jarraituz, bi langa pasako ditugu, eta ondoren, Alotzara joateko bidegurutzea markatzen duen poste adierazlea aurkituko dugu. Bertan hegoaldera jotzen duen bidexkari jarraitu behar zaio. Aurrerago mugarri bat aurkituko dugu eta bere gainean marka txuri eta berdeak. Mugarria pasa ondoren bidea metro batzuetan ez da oso agerikoa, baina pixkanaka ezkerrerantz, diagonalean, igoz ondo zapaldutako bidexka berriro agertuko zaigu. Bideari jarraituz Alotzako zelaian sartuko gara.
Zelaia zeharkatu ondoren malda bat igoko dugu. Maldaren amaieran inguruko mendiak non dauden markatzen dituen harri bat topatuko dugu. Aurrerago Alotzako iturria dago. Hortik Igaratzara doan bidea jarraitu behar da Irazustako lepora iritsi arte. Bertatik ipar aldera eginez Ganbo Txikira igotzen da eta hegora eginez, aldiz, Uarrainera. Ganbora igotzeko apur bat jaitsi (baina ez gehiegi) eta hamar bat minututan ipar ekialdera jo behar da Ganbo mendiaren mendebaldeko aurpegira iritsi arte. Bertatik gora eginez berehala gailurrean gara.
DATU INTERESGARRIAK:
Distantzia: 12 Km.
Denbora: 5-6 ordu.
Desnibel metatua: gorantz eta beherantz 1.000 m.
Gailurra: Ganbo (1.402 m).
Zailtasun berezirik gabea.
Beharrezko materiala: mendiko material arrunta. Frontala derrigorrezkoa da eta makuluak gomendagarriak.
Mendiriz Mendik uztailaren 4an egingo du irteera hau.
Nola iritsi: Amezketara hurbildu eta Larraitz auzora igo.