20 urterekin, Gipuzkoako Txapelketarako sailkatu zara. 74 bertsolari aritu zarete sailkapen fasean eta 30 sailkatu zarete. Pozik egongo zarela pentsatzen dut.
Bai, ilusio haundia egin dit.
Lehenengo aldiz aurkeztu zara txapelketara. Probatzeagatik aurkezten zinela azaldu zenion Kronikari. Ez zarela batere gaizki moldatzen erakutsi duzu. Nolako esperientzia izan da?
Oso esperientzia ona izan da. Sailkapen faseak iraun bitartean izan dut halako urduritasun sentsazio bat, izan ere, nik kantatzen ez banuen ere bazen kideren bat kantari eta puntuak...
«Bertsolaritzak badu zerbait harrapatzen nauena. Bertsoaren inguruko giroa oso berezia da»
Bi saio izan dituzue sailkapen fase honetan. Antzuolan aritu zinen lehenengo. Laugarren geratu zinen 237 puntu lortuta. Bigarren saioa, Zumaian egin zenuen. Bigarren geratu zinen 301 punturekin. Bereziki bigarren saioan egindako lana azpimarratzekoa da. Zuk nola ikusi duzu zure burua bi saioetan?
Egia esanda ez ditut saioak berriz entzun eta saioan zehar izandako sentsazioetaz ez naiz gehiegi fio.
Antzuolan lehenengo ariketan hotz edo deskontzentratua hasi nintzenaren sentsazioa izan nuen eta saioa aurrera joan ahala hobetzen ari nintzela uste arren, lehen ofizioarekin disgustora eta honi bueltaka pasa nuen saioa.
Zumaian, berriz, Ofiziokako ariketak oso gustura egin nituen, seguru eta zer esanarekin sumatzen nintzen eta teknikoki hain ondo ibili ez banintzen ere, egindako saioarekin konforme geratu nintzen.
Hernaniko bertso eskolatik 8 kide aurkeztu zarete eta 3k lortu duzue pasea. Asier Azpiroz zubietarra eta Unai Gaztelumendi añorgarra dira beste bi kideak, aurretik ere Gipuzkoako Txapelketan aritutakoak. Zutaz aparte, beste hernaniarrik ez da sailkatu eta beteranoenak ere kanpoan geratu dira… Ze irakurketa egiten duzu?
Egunak izaten direla. Dena ez dago gure arabera. Baliteke nik egindako bi saioekin beste herri batean edo beste epaile batzuekin fasez ez pasatzea, edo sailkapenean aurrerago geratzea.
Kanpoan geratu direnetatik edozein sartuko nuke lehen 30en barruan, maila oneko bertsolariak baitira bostak.
Irailaren 20an ekingo diozue txapelketari. Uda etxeko lanekin pasako duzu beraz. Nola prestatzeko asmoa duzu?
Udan badut saioren bat edo beste eta horrek lagunduko didala uste dut haria ez galtzen. Gainontzekoan, bertso eskolako kideak prest azaldu zaizkit entrenatu asmoz geratzeko, beraz, aitzakiarik gabe geratu naiz.
Eta behin txapelketara iritsita, ze helburu duzu?
Ahalik eta urrutien iristea. Sailkapen fasea pasatzeak ilusioa egiten zidan eta lortu dut. Oso zail ikusten dut, baina zergatik ez dut ba hurrengo faserako lekutxo bat lortuko?
Gipuzkoako Txapelketaz ari gara, baina Plazatik Gaztetxera sariketa ere irabazi berri duzu Eñaut Martikorenarekin. Zer moduz joan da eta ze balio du sariketa honek zuretzat?
Larunbatean izan zen finala. Hiru fasetan aritu gara. Eibarren ikasten dugu biok eta hasteko, bertako kanporaketan hartu genuen parte. Gero, Antzuolan aritu ginen finalerdietan, eta Markinan, finalean. 16 bikotek hartu dugu parte denera.
Oso gustora aritu gara. Sariketa berezia da; bikoteka izaten da. Ariketak erdibana izaten dira eta bien artean osatzen da puntuazioa. Aparte, giroa ere berezia izaten da: gaztetxean kantatzen da, afaldu ostean... Epaimahaia ere badago, baina publikoak ere parte hartzen du puntuatzerakoan.
Eta sariketa honek lagunduko digu gure izena zabaltzen eta ezagutzera ematen.
Txapelketak eta sariketak alde batera utzita, noiz eta nolatan hasi zinen bertsotan?
8-9 urterekin hasi nintzen. Ikastolara bertso eskolaren berri iritsi zen eta bertara animatu nintzen.
Zein izan da zure lehenengo plaza? Eta nola gogoratzen duzu?
Egia esanda ez dakit zein izan nuen lehenengo plaza. Oholtza gainean seguruaski Gipuzkoako Eskolartekoa izango zen 9 urterekin, baina adin inguru hortan bertso eskola bidez inguruko auzoren bateko festetan bertsoren bat edo beste kantatzen hasiak ginela uste dut. Eskolarteko saioa Biterin izan zen eta oroitzen dut oso urduri egon nintzela. Bestalde, Osiñagako festetan egiten genituen saiotxoak gogoratzen ditut eta haietan ez genuen urduritasun gehiegi izaten, kantatu aurretik jolasean ibiltzen ginen eta.
Zergatik gustatzen zaizu bertsotan aritzea? Zer ematen dizu?
Hitzekin jolastea gustatzen zait, hauei beste esan nahi bat bilatzea, lardaxkan ibiltzea, nire burua estutzea… Bertsoak jolasteko aukera ematen dit bai hizkuntzarekin, bai aldamenekoekin eta baita nire buruarekin ere. Hala ere, ezaugarri hauetaz aparte, bertsolaritzak badu zerbait harrapatzen nauena. Bertsoaren inguruko giroa oso berezia da.
Nolako bertsolaria zarela esango zenuke, ze ezaugarri dituzu?
Pertsona bezala ditudan ezaugarri berak ditudala esango nuke, baina neurri eta errimek mugatuta. Faktore askok eragiten dute, baina aukera dagoenean umorerako joera dut.
Non eta ze bertsolarirekin gustatuko litzaizuke kantatzea?
Entzun nahi nauten lekuan kantatzea gustatzen zait.
Bertsolariei dagokienez, ahalik eta gehienekin kantatuko nuke. Denok ez dugu egungo bertsolariekin kantatzeko aukera izango. Adibidez, Joxe Agirre entzun bai baina ez nuen berarekin kantatzeko aukerarik izan. Aldiz, Maialen Lujanbiorekin kantatu ahal izan dut eta izango dira nik adina zorte izango ez dutenak.