Agenda bateratuan parte hartzeko deia egin nahi die Kronikak, bailarako elkarteei

Kronika - Erredakzioa 2015ko eka. 20a, 02:00

Agenda bateratua egitea da Urumeako Kronikaren erronka, www.kronika.eus web orri­an. Herritar talde batek egindako eskaerari erantzunez, Kro­nikak agenda egiteko modu be­r­ri bat jarri nahi du martxan, herritarrek eta elkarteek parte hartzeko aukera zuzena izango dutena.

Zein da agendaren berrikuntza?
Badira urte batzuk, Kronikak, bailaran izaten diren ekitaldiak www.kronika.eus web orriko agendan biltzen dituela. Agenda hori ordea, zaharkitua geratzen da askotan. Izan ere, urteko sa­soi batzuetan ia egunero sortzen dira ekitaldi berriak, eta zaila da bailara osoaren kontrola eramatea. Agenda bateratuaren berrikuntza izango da, horri ir­ten­bi­dea ematea. Bateratua izango da, nahia delako bailarako el­kar­t­e eta talde guztiek parte izatea.

Elkarte eta taldeek izango dute elikatzeko aukera
Orain arte Kronikak elikatzen zuen web orriko agenda. Berrikuntza izango da, elkarteek beraiek izatea agenda hori elikatzeko aukera. Norberak argitaratzea web orriko agendan antolatu duen ekitaldia, ordua, honen inguruko iruzkina, argazkia... eta beharrezko informazio guztia.

Informazio osatua izatea, abantaila
Agenda bateratuak izango duen abantaila da, bailaran antola­tzen den edozer bertan egongo dela. Beraz, informazio osatua jasotzeaz gain, elkarte, talde edo herritarrek aukera izango dute egun bakoitzean zer dagoen jakiteko. Eta informazio hori bera baliagarria izango da ekitaldiren bat antolatzerakoan; izan ere, azken urteetako arazo bat izan da ekitaldiak, hitzaldiak, proiekzioak eta abar, egun eta ordu berean antolatu izan dituztela talde batek baino gehiagok.

Bilera, talde eta elkarteekin
Agendak nolakoa behar duen irudikatua du Kronikak; eta orain, erabiltzaileak izango diren herritar, elkarte edo taldeekin adostea falta da. Xehetasun guzti hauen inguruan hitz egiteko bilera deitu du Kronikak San Joanak pasata, ekainaren 30ean. AEKren lokalean izango da bilera, Larramendi kalean, iluntzeko 19:00etan. Kronikak dei egin nahi die herritarrei gerturatu eta parte hartzera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!