Ohi bezala, San Joanetako azken eguna, Elkartasun Eguna izango da. Preso eta iheslariak gogoan izango dituzte gaurkoan eta manifestazioa eta herri bazkaria antolatu dituzte. Manifestazioa 13:30etan abiatuko da Plazatik, Euskal preso eta iheslariak etxera! lelopean. Bazkaria 14:30etatik aurrera izango da, Plaza Berrin.
Sutu Jaiak! ekimenak ere bat egin du Elkartasun Egunarekin eta manifestaziora eta bazkarira joateko dei egin du. Goizerako ere antolatu ditu ekintzak: albondiga pintxopotea eta bertso txapelketa. Eta noski, Sokamuturra eta Axeri Dantza ere izango dira.
Bolatoki mugikorra eta Aizkolari Txapelketa
Herri kirolen eguna ere izan ohi da eta aurtengoan ere ez dute hutsik egingo, Elur Txori elkarteak antolatuta. Oraingoan gainera, berritasunak izango dira. Hain zuzen, bolatoki mugikorra jarriko dute Plazan, 11:30etatik aurrera. Edozeinek hartu dezake parte. Ondoren, 12:30etan, Urrezko aizkolari txapeldunen ligako kanporaketa jokatuko da, besteak beste, Tilosetan.
Esku pelotako finala
Berria Txapelketako finala ere jokatuko da kiroldegiko frontoian. Markina eta Usurbil izango dira aurrez aurre, 17:00etatik aurrera. Aitor Gorrotxategik jokatuko du Usurbilgo taldearekin.
Arratsalde partean, San Joan Konpartsaren irteera ere izango da. Oraingo honetan, Errugbi Elkartearen 50garren urteurrena izango da gaia.
Rock gaua, Hernaniko taldeekin
Azken egunerako, rock gaua antolatu dute Tilosetan, herriko bi talderekin: The Zepo eta Bloody Brotherhood. Beraiekin batera, Eskean Kristo taldeak ere joko du.
Eta festak agurtzeko, Arraun Elkarteko eta Kantuzeko kideek bandera jaitsiko dituzte.