Herri kirolak antolatu ohi ditu Elur Txori elkarteak, San Joanetako azken egunean eta bihar ere ez dute hutsik egingo. Hori bai, aurtengoan berritasunak izango dira. Idi demarik ez da izango eta horren ordez, bolatoki mugikorra jarriko dute Plazan. Halaxe azaldu dio Kronikari Joxe Ramon Sanz elkarteko kideak: «Gauza desberdinak probatu behar dira eta jendeari beste zerbait eskaintzeko, bai umeei bai helduei, bolatoki mugikorra ekartzea pentsatu dugu aurten. Federazioarena da eta ikastetxeetan, umeen artean, bola jokoa ezagutzera emateko eta indartzeko sortu zuen. Iaz, herriko festetara ere zabaltzen hasi zen eta sekulako arrakasta izan du. Ergobiako festetan ere izan zen. Hasiera batean, umeentzako pentsatu zen, baina helduak ere animatu ziren eta Hernanin ere irekia izango da. Ea halako arrakasta duen!».
Espezialisten erakustaldia ere bai
Goizeko 11:30etatik aurrera egongo da bolatokia Guda-rien plazan. Sanzek adierazi duenez, bi lagun ariko dira azalpenak ematen: nola jokatzen den, nola botatzen den…
Horrez gain, urten zehar ligan konpetitzen duten bolariak ere azalduko dira. Hernanin gizon eta emakumeak aritzen dira bolan eta horietako batzuk gerturatuko dira: «Interesgarria da konpetitzen ibiltzen diren bolariek nola jokatzen duten ikustea. Desberdina da», nabarmendu du Sanzek.
Bola, garai batean bezala
Bola, garai batean, kirol izarra zen, pelotarekin batera. «Sagardotegiekin oso lotua zegoen bola eta sagardotegi eta etxe ondoetan izaten ziren. Eta ez gaur egun bezala, ezkutuan eta herri erdigunetik aparte. Biharkoan, lehengo erara jokatuko da beraz bolan, herri erdi-erdian», azaldu du Sanzek.
Urrezko Aizkora, jokoan
Aurreko urteetan bezala, Urrezko Aizkolari Txapelketako kanporaketa jokatuko da bihar, Tilosetan. Eguerdiko 12:30etatik aurrera izango da. Horrez gain, herri kirolen erakustaldia ere izango da bertan. Guztia, Elur Txori elkarteak antolatuta.