Gaua luzatzen dutenek edo goizean goiz jaikitzen direnek, gaur jasoko dituzte aurreneko maskuri kolpeak. San Joan hauetako estreinako Axeri Dantza izango da, goizeko 09:00etan hasita. Plazan dantzatu, eta maskuriak astintzen abiatuko dira, Kaxkoan barrena.
Maskuri kolpeen aurretik, ordea, beste kolperik ere jasoko dute zenbaitek. Aurreneko sokamuturra ere izango da gaur, goizeko 07:30etan, eta adarkada edo ipurdikorik jasoko duenik izango da!
Gaurko plana, egunero errepikatuko da, larunbatera arte. Goizero izango dira, ordu berean, sokamuturra eta Axeri Dantza, jaietako egunak bero-bero hasteko... edo bukatzeko!