BERROGETA bat urte egin ditu Anuska dendak, astigartarren zerbitzura. Astigartarren generazio aldaketak ikusi ditu Ana Maria Royok, Anuskako mostradore atzean. Eta ez hori bakarrik! Astigarraga beraren eboluzioa ere bizitu dute Anuska aurrera eraman duen familiak. Ez da erabaki erraza izan, baina krisiak eta beste hainbat faktorek eraginda, ateak ixtea erabaki dute; azken egun-asteak izango dira datozenak, eta likidazioan ditu dendako azken produktuak. 40 urte ez dira berehala betetzen-eta, Kronikak Ana Maria Royorekin gogora ekarri nahi izan ditu, bizipen horietako asko.
«Hasierako urte haietan denetatik saltzen genuen, aukera zabala zen: liburuak, jostailuak, goxokiak, egunkariak, ogia, aldizkariak, drogeria...».
«Amak ireki zuen negozioa»
Neskato gaztea zen Ana Maria Royo, gurasoek Anuska denda ireki zutenean. Aitak Michelinen egiten zuen lana, eta ama izaten zen dendako martxa eramaten zuena; «ni garai hartan eskolara joaten nintzen, eta klaseak bukatuta etortzen nintzen dendara». Hasierako urte haietan, denetatik saltzen zela dio Ana Mariak: «aukera zabala genuen. liburu denda soil bat zela bazirudien ere, jostailuak, drogeria kontuak, goxokiak, egunkariak, ogia, aldizkariak etab. ere saltzen genituen; denetatik pixka bat».
«Aurreneko aldaketa etorri zen Pryca eta Mamut ireki zituztenean. Jendeak erosteko ohitura aldatu egin du. Lehen herrian erosten zen egunerokorako behar zena»
«Astigarragako aurreneko komertzioetako bat zen Anuska»
Aurreneko urte haiek oso onak izan zirela dio Ana Mariak: «denda zabaldu genuenean Astigarragan ez zegon komertziorik. Aurrenak izan ez baginen, aurrenetakoak bai. Egun herri eskola dagoen horretan monja eskola bat zegoen, eta ikasleek behar zituzten liburu guztiak guri erosten zizkiguten... eta horrela, beste hainbat gauza».
Erosteko ohiturak aldatuz joan direla dio Ana Mariak: «ez da gaur egungo kontua. Pryca eta Mamut zabaldu zituztenean, jendeak hara joateko ohitura hartu zuen... eta gerora, halako beste hainbeste ireki dituzte... Lehen eguneroko edozer gauza erostera etortzen zen jendea, hemen edo Astigarragan bertan aurkitzen zuten eguneroko bizitzarako behar zuten edozer. Orain ordea, kanpora joateko ohitura haundia dago, eta horrek eragina du gurea bezalako komertzio txikian».
«Orain 3-4 urte hasi zen gainbehera»
Berrogei urtek askorako ematen dute, baita gorabehera bat baino gehiago izateko ere. Krisiak eta bestelako arazoak izan badira ere, urterik gogorrenak azken 3-4 urteak izan direla azaldu dio Kronikari: «urte guzti hauek onak izan direla esan dezaket. Gainbehera orain 3-4 urte hasi zen... krisia, nekea, obrak... guztiak izan du eragina». Erabakia asko hausnartu eta gero hartu duela aitortu dio Ana Mariak Kronikari: «ez da erraza izan. Buelta asko eman dizkiot. Garai zailak dira, eta erabakiak min ematen badit ere, hartu beharrekoa izan da. Anuska nire bizitza izan da, nire bigarren etxea».
«Erabakia hartzea ez da erraza izan. Buelta asko eman dizkiot eta min ematen badit ere, hartu beharrekoa erabakia zen».
Esker hitzak, bezero guztiei
Generazio ezberdinak pasa dira Anuska dendatik urte guzti hauetan, eta fideltasun hori eskertu nahi die Ana Mariak, guztiei: «eskerrak eman nahi dizkiet Anuskaren parte izan diren bezero guztiei. Mila esker guztiagatik».