Eguerdiko 12:00etan puntuan, kanpai hotsen atzetik egin zuten oihu Hernaniko Arraun Elkarteko eta Kantuz abesbatzako kideek: «Gora San Joan! Gora Hernani!». Eta lehertu zen festa, aurreneko etxaferoekin batera.
Larunbatera bitartean, ez du etenik izango festa giro horrek, eta gaur bertan, denetik izango da, goizean goizetik.
San Joan eguneko dianak, kontzertuak eta meza
Goizeko 09:00etan hasiko dira Mendirik Mendi doinuarekin herritarrak esnatzen, Hernaniko txistulariak eta Musika Banda. San Joanen ohorezko meza nagusia ere gaur izango da, parrokian, 11:00etan.
Ondoren, musikak hartuko du berriro protagonismoa. Goizeko 11:30etan Santa Barbara eta Etxeberri elkarteetako gazteen danborradak girotuko ditu kaleak, atzoko helduen danborradari testigu hartuta.
Eguerdiko 12:00etan, berriz, txistularien kontzertua izango da arkupetan. Aurtengoa, 36garren edizioa izango da. 1980an eman zuten aurreneko kontzertua orduko 6 txistularik. Gaur egun, berriz, gero eta partehartzaile gehiago izaten dira: ‘Hernani’ Musika Eskolako eta inguruko herrietako txistulariak ere aritzen baitira. Aurten, 36 izango dira, eta gainera, metal boskotea eta bi bakarlari izango dituzte lagun: Naroa Jaka abeslaria eta Idoia Ansorena txistularia.
Txistulariei Musika Bandak hartuko die erreleboa, 13:15etan. San Joan eguneko kontzertu berezia emango dute arkupetan, eta taldeko bi kide ere omenduko dituzte; Raul Garcia, bandan 25 urte egin dituena, eta Damaso Usabiaga, 50garren urte honetan bandari agur esango diona.
Dantza, kontzertuak eta karaokeak, arratsaldean
Bazkalondorenean, beste hamaika ekitaldi izango dira. Arratsaldeko 17:00etan haurrentzako antzerki musikala izango da Atsgeindegin: ‘Sardina freskua’. Arratsaldeko 18:00etan, berriz, dantza suelto txapelketa izango da plazan, Kriskitiña dantza taldearen eskutik. Aurten, 14 bikotek hartuko dute parte.
Dantza saioaz gain, arratsaldeko 18:00etan bertsolari eta trobadoreen topaketa ere egingo da Biteri kultur etxean, Amherrek antolatuta. Hain zuzen, Eli Pagola, Unai Agirre eta Fredi Paia ariko dira bertsotan, eta Kanarietako Yeray Rodriguez eta Kolonbiako Edwin Giraldo, trobadore lanetan. Ikusmiran egon beharrean, akzioa nahiago dutenek, berriz, beste bi aukera izango dituzte arratsaldean. Batetik, 19:30etan dantza ikusteko ez; dantza egiteko aukera izango da Urbieta kalean, aerorrunbaren erritmora. Bestetik, arratsaldeko 17:00etan hasita, EITBk Kan-tu Giro karaokea grabatuko du Zinkoenean, parte hartu nahi duten herritar guztiekin. Eta hau ez da eguneko karaoke bakarra izango. Gaueko 22:00etan, Bilgune Feministaren txosnan ere izango da kanturako tartea.
Gauean ere, musika nagusi
Festak aurrera egingo du gau osoan zehar ere.
Gaueko 22:00etan, herriko taldeek kontzertua emango dute Molotoff irratiaren agertokian, txosnetan; Bh roja, Meldtown, Dirty eyes eta Coyotito mamimo tequila cactus. Eta Gazte Asanbladaren txosnan 80eko hamarkadako play backa egingo da 00:00etan.
Gaueko 23:00etan, berriz, Ingo al de taldearekin dantzaldia izango da Atsegindegin, eta 23:15etan Xalaparta txaranga hasiko da kaleak alaitzen. Zezen suzkoa ere dantzara aterako da 23:30etan, eta gau osoan zehar, dultzaineroak ariko dira. Larrain dantza ere izango da, 00:00etan Plaza Berrin.