Gainerako herrietan bezala, larunbatean egin zen Udal talde berria osatzeko batzarra, Goizuetako udaletxean. EH Bilduk irabazi zituen maiatzaren 24ko hauteskundeak eta inongo ezustekorik gabe Unai Loiarte aukeratu zuten datozen lau urteetarako alkate. Orain arte alkate izan den Pablo Mirandaren eskutik jaso zuen alkate makila. Gainerako 6 zinegotziek ere karguak hartu zituzten, Udal taldea osatuz: Pili Apezetxea, Josu Garmendia, Dani Oiartzabal, Itsaso Lujanbio, Mari Jose Aizpuru eta Zuriñe Lujanbiok.