Azken urteetan, San Joanen baitan, ekitaldi ezberdinak antolatu dituzue. Zein da aurtengo eskaintza?
Aurten, urtero bezala, hainbat musika emanaldi antolatu ditugu, baita ekainak 23 gauean egiten dugun indarkeria matxistaren aurkako brigada feminista ere. 24 gaueko karaokeari, aurten, ukitu berezia eman nahi izan diogu eta errepertorio berriaz gain performancerako ere aukera utziko dugu. Berritasun bezala, 26an 20:00etatik aurrera ibiliko den Batukada aipatu behar dugu, eta urrian Hernanitik pasako den Emakumeen Mundu Martxaren arira photocall mugikorra ere ibiliko da.
Noiz hasi zinaten San Joanen parte izaten eta zein helbururekin?
Bilgune Feministak aspalditik jartzen zuen txosna herrian, baina bost urte igaro dira taldea sortu genuenetik. Gune feminista sortzen saiatu izan gara; ez txosna bakarrik, zentzu zabalagoan ulertuta: emakumeen presentzia azaleratzea eta aldarrikatzea da gure xedea baino gure
betebeharra, nahia eta konpromezua. Presentzia eta aldarrikapen horiek egiteko dauzkagu brigada feminista bezalako ekimenak, kalearen okupazio feminista egiten dugu horrekin. Eta, bestalde, indarkeriaren inguruko protokoloa lantzen dugu. Honen barnean, San Joanetan gure txoznak babesgune bezala funtzionatzeko lanean gabiltza. Gainera, txosna batzordearen bitartez hainbat hausnarketa ere bultzatzen saiatzen gara, adibidez, txosna gunean entzuten den musika.
Festak oraindik maskulinoak direla diozue.
Ikusten duguna da festen garaian ereduak oraindik maskulinoak direla, gaien antolaketari edo egitarauetik bertatik hasita. Gaur egun oraindik oso bereizita ikusten dugu, eremu publikoa eta eremu pribatua lehena gizonek eta bigarrena emakumeek beteko luketeen funtzio nabarmenekin lotuta. Pixkanaka aldatzen goaz gizartea, baina oraindik asko dago egiteke.
Horren harira “Festa dezagun gaurdanik geroa” dokumentalean parte hartu genuen, eta bertan plazaratzen diren hausnarketatik abiatuta zenbait galdera sor daitezke: herritar guztiek ba al dute tokirik festan? Eta baldin badute, pertsona eta talde guztiek berdin parte har dezakete? Eta bakoitzaren partaidetzak zer nolako esanahia azaltzen du?
Egun oraindik badira arrakasta haundia duten zenbait ekitaldi gizonezkoenak direnak. Zein da Bilgune Feministaren jarrera?
Gizarte honetan oraindik protagonismoa gizonek daukate, eta, festak gizarte honen adierazle bat besterik ez dira, gizartearen isla dira. Bi gauza ezberdindu behar ditugu. Alde batetik, egitarauan badaude guztiei irekiak diren hainbat ekimen, baina gizonek gehiago parte hartzen dute emakumeak eremu askotan ez direlako eroso sentitzen. Baina, bestetik, badaude zuzenean emakumeei betoa jartzen zaien ekintzak (emakumeek ezin dute zuzenean eta hauen antolaketan parte hatu). Uste dugu parte hartzeko eremu horiek irekitzea inklusiboa eta anitza izanik, gauza positiboa eta eraikitzailea dela, eta hori oso aberatsa da. Gainera, guztiontzako festak antolatzera bidean urrats garrantzitsu eta ezinbesteko bat da hori.
Nolako San Joanak beharko lukete? Zein dira etorkizunera begira, eman beharreko pausuak?
Denok parte hartu dezakegun egitaraua duten San Joanak nahi ditugu: inork bertan egon eta parte hartzeko beldurrik izango ez duena; ondo pasatzeko eta aldi berean aldarrikatzeko aukera eskaintzen dutenak. Baina baita ikuspegi kritiko batetik eraikiak ere; eraldatzaileak, beste gizarte eredu bati begira jarriko gaituztenak. Horretarako, hausnarketa sustatu behar da herritar eta herriko eragile ezberdinen artean, eta jai ereduaren inguruko eztabaida sortu behar da, hainbat ikuspegi ezberdinetatik sortu den kezka edo gaia baita (adibidez, aurretik aipatutako dokumentala bezalako tresnak erabili daitezke). Eta bertan, guk feminismoaren ikuspegia helarazteko aukera izango genuke; beste batzuk ingurumenarekiko jasangarritasunarena, kontsumo ereduarena, kontsumitzen ditugun produktuena…
Festen inguruan, Bilgune Feministaren kokapena
Festa gauza apartekoa eta estimatua da herritarren artean, baina zergatik dira hain garrantzitsuak? Festak bizitzaren erdigunean daude, ez bakarrik lan eta atseden erritoekin lotuta daudelako, baizik eta ideia eta baloreen munduarekin lotuta daudelako, herriaren nortasunarekin, gizarte egiturarekin eta genero sistemekin, hau da, pertsonen arteko harremanekin oro har, eta emakume eta gizonen arteko harremanekin bereziki. Zentzu horretan hainbat galdera planteatu behar ditugu; festak zer esan nahi duen, zer irudikatzen eta ordezkatzen duen, eta zer dakarren bertan emakumeak eta gizonak berdin ez agertzean. Festa uneak eta guneak ardatz hartu behar ditugu, bakoitzean gizonak eta emakumeak non eta zertan ari diren, eta gauzak horrela izateak zer nolako esanahia duen hausnartuz.