Protestan berriz, Eulenek konbenioa sinatu ez duelako

Kronika - Erredakzioa 2015ko eka. 23a, 02:00

Pankarta eta txilibituak hartuta, atzo goizean protestara atera ziren berriz Eguneko Zentroko eta Zaharren Egoitzako gaueko langileak. Eulen enpresak ez duela konbenioa sinatu azaldu zioten atzo Kronikari. Maiatzean zehar, hainbat protesta eta lanuzte egin zituzten Euleni eskatuz Gipuzkoako kon­benioa, konbenio kolektiboa sinatzeko. Azkenean, maiatzaren 29an, aurre hitzarmena sinatu zuen Eulenek eta ostiralean ziren konbenioa sinatzekoak. Ez sinatzea erabaki zuen, ordea. Hernaniz gain, Irun eta Zarautzen ere egoera berean dira.

Irun, gakoa
Kronikari azaldu diotenez, aurreko Diputazioak diru partida bat bideratu zuen hitzarmen berria sinatzeko, langileen baldintza ekonomiko eta sozialak hobetzeko. Dirua jarria dago, Udaletara bideratua, eta orain Eulenek konbenioa sinatu behar du. Eulenek ostiralean adierazi zienez, ordea, Irungo Udaletik dirua jasoko duen ziurtasunik ez du eta hori da arazoa. Ostegunean bilduko dira berriz, eta bertan erabakiko dute konbenioa sinatu edo ez.
Langileek azaldu dutenez, konbenio honekin eskatzen dutena, «ez da beste munduko ezer, oinarri oinarrizkoa da»: %2ko igoera, igande eta jaiegunetarako plusa eta hirurtekoen (trienio) igoera dira, batez ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!